A.E.
BILBO

Michael Cainek, 90 urterekin, erretiroa hartuko duela iragarri du

Michael Cainek erretiroa hartuko duela iragarri zuen atzo. 90 urte ditu aktore handi honek, eta 70 eman ditu pantailaren aurrean. «Orain eskaintzen dizkidaten paper bakarrak 90 urteko gizonenak dira. Edo agian 85 urte dituztenak -adierazi zuen-. Eta ez dira sekula protagonistak izango. 90 urteko protagonistarik ez baitago, neska eta mutil ederrak baizik. Beraz, onena uztea izango da».

Cainek 160 film baino gehiagotan parte hartu du. Azken agerpena “The Great Escaper” filmean egin du, Erresuma Batuan urriaren 6an estreinatua. Ekainean, 87 urterekin, hil zen Glenda Jacksonek ere lan egin zuen horretan.

IBILBIDE OPAROA

Maurice Joseph Micklewhite du benetako izena. Londresko hegoaldean jaio zen 1933ko martxoaren 14an. Berandu baino lehen Michael Caine deituragatik aldatu zuen, gogoko zuen film baten omenez: “The Caine Mutiny” (Caineko matxinada). 1956an agertu zen lehenbizikoz pantailan, baina ospea hamar urte geroago iritsi zitzaion “Ipcress” (1965), “Funeral in Berlín” (Hileta Berlinen, 1967) eta “Billion Dollar Brain” (Bilioi bat dolarreko garuna, 1967) trilogian Harry Palmer agente sekretu bakartiaren pertsonaia egin zuenean. Titulu klasikoetan parte hartu du: “The Man Who Would Be King” (Errege izan nahi zuen gizona), Sean Connery handiarekin batera, edo “The Cider House Rules” (Sagardo etxeko arauak, eta Errepartoko Aktore Onenaren Oscarra jaso zuen lan horrengatik. Beste zenbait sari ere hartu izan ditu, horien artean 2000. urtean Zinemaldiak eman zion Donostia Saria.