Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-ETAKO KONGRESUKO BEHE-KAMERAREN PRESIDENTEAREN BILA

Ordezkarien Ganberako blokeoa nabarmen uzten ari dira errepublikanoak

Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa protagonista duen esperpentoak ez du etenik. Hamabi egun pasatu dira kongresista ultren matxinadak Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako burua kanporatzea ekarri zuenetik, eta oraindik ezin izan dute haren ordezkorik adostu.

(Chip SOMODEVILLA | GETTY IMAGES)

Kongresuaren behe-ganberak ez du legerik egiterik speaker edo presidenterik gabe; behin-behineko kargua betetzen duenak gaitasun oso mugatua dauka. Asteon, Alderdi Errepublikanoaren bileretan birritan izendatu dute Ganberarako presidentegai bat; lehen aldian bozketara iritsi aurretik erretiratu zuten hautagaitza, babes nahikorik ez zutela ikusirik. Bigarrenean ere ez dirudi errepublikanoen etxe barruko boto guztiak lerro berean doazenik.

Barne bozketaren ideia da talde batean egon litezkeen hautagaien artean bat hautatzea, eta gero talde guztia haren atzean biltzea.

Alderdi Errepublikanoak bizi duen nahas-mahasean, baina, ezinezkoa da guztiek pertsona bakar baten alde bozkatzea. Eta egun daukaten gehiengo murritzarekin, lau «matxino» baino ezin dituzte onartu, bosgarrenak porrota dakarkie. Egoera nahasi horren guztiaren atzean, erraz dago asmatzen, Donald Trump presidente ohiaren itzal luzea dago.

Kronologikoki azaltzeko, joan den asteazkenean ordezkari errepublikanoen artean egindako barne bozketa batean Steve Scalise Louisianako kongresista onartu zuten Ganberako presidentegai legez. Ganberako errepublikanoen taldeko burua da, eta Kevin McCarthyren ordezko natural gisa ikusi izan da luzaroan. 113 errepublikanoren botoak lortu zituen, bera baino are eskuindarragoa den eta Donald Trumpen babesa zeukan Jim Jordanek 99 lortu zituen bitartean. Horrenbestez, izendapena ofizialdu zuten errepublikanoek asteazkenean.

Galtzaileak eta bere ingurukoek ez zuten berehalakoan onartu, horratik. Hasieratik argi utzi zuten batek baino gehiagok ez zutela Scaliseren alde bozkatuko. Trumpek Fox irratian egindako elkarrizketa batean esan zuen bai Jordan bai Scalise gustuko zituela, «baina Scalise larri dago minbiziaren ikuspuntutik» eta oso terapia gogorra daukala aipatu zuen. Hala, Kevin McCarthyk izandako arazo berberak zituela ohartu zen Scalise hautagaia: ez zeukan behar besteko babesik.

Guztira, 221 diputatu dituzte errepublikanoek Ganberan. Gehiengoa da, baina gehiengo oso estua: speaker-ak 217 boto lortu behar ditu bozketan, hau da, aski da errepublikanoen arteko bost ordezkarik kontra bozkatzea, buruzagitza lortzeko asmoa zapuzteko. Eta eskuin muturreko taldeetan bost baino dezente gehiago, interesatu zaien guztietan egoera blokeatzen.

Jim Jordan eskuin muturreko kongresisten Freedom Caucus taldearen sortzailea da. «Aukera bat daukazu. Galtzen duzunean, ni izendatuko nauzu», esan zion Jordanek Scaliseri, bileran egondakoen arabera. Hala, ostiralean berriz ere aurkeztu zuen hautagaitza Jim Jordanek. Orduko hartan beste aurkari bat irten zitzaion Jordani, askorentzat ezezagun samarra den Austin Scott; orduko hartan bai, Trumpen hautagaiak 124 boto lortu zituen, baina Scotten 81 botoek haren aldeko baino gehiago dirudite Jordanen aurkako.

Azken egunetakoak ikusita, bigarren barne bozketa bat ere egin zuten, Jordanen alde zenbatek bozkatuko duten jakiteko: 221 diputatu errepublikanoetatik 155ek baino ez zuten esan baietz. Gogoratu, 217 boto behar ditu eskuin muturreko hautagaiak. Litekeena da aste hasieran izatea Ganberako buru izateko bozketa. Demokratek, joan den urtarrilean legez, Hakeem Jeffreys taldeko burua aurkeztuko dute, eta 217 botora iritsi gabe ere, baliteke hautagai errepublikanoak baino babes handiagoa izatea.

KONTUAK KONTU, ORDEZKARIEN GANBERAKO BLOKEOAK EZ DU ETENIK ORAINGOZ.

Ezin ahaztu egutegia ere aurrera doala. Urriak bi aste bete ditu. Hil hasieran Gobernuaren itxiera lortu zuten ozta-ozta, McCarthyk azken egunean aurkeztutako behin-behineko proposamena onartuta -kargutik kanporatzea ekarri ziona 72 ordu beranduago-. Baina baloia pixka bat urruntzea baino ez zekarren neurri hark, azaroaren erdialdera arte. Sei aste horietatik bi joan dira jada, hau da, hilabete barru, finantzaketa berririk onartu ezean, Gobernuaren itxialdia hasiko da.

Arazoa ez da demokraten eta errepublikanoen arteko jarrerak oso urrun daudela inolako akordiorik lortzeko. «Arazo» horretara iristeko ere (proposamenak mahai gaineratu, eztabaidatu eta bozkatu, irailaren amaieran behin eta berriz gertatu bezala), Ganberak martxan egon behar du, eta speaker-ik gabe, edo behin-behineko Ganbera-buru batekin, ezin litezke funtzio horiek bete.

Munduak sasoi konplikatua bizi duen uneotan, Ameriketako Estatu Batuetako botere legegilea herren dabil, proposamenik aurrera atera ezinik.