GARA
TXIRRINDULARITZA

Urtearekin pozik daude Caja Rural eta Euskaltel

Caja Rural UCIren top30ean sartu da.
Caja Rural UCIren top30ean sartu da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Amaitzear den denboraldiaren balantzea egin zuten atzo Caja Rural eta Euskaltel taldeek. Biak ala biak oso pozik agertu ziren burututako kurtsoarekin.

Euskaltel-Euskadi taldeak «aurrerapausoa eman du» 2023an. Taldeko arduradunek hala aitortu zuten behintzat prentsa ohar batean. Proiekzioa duten gazteen eta txirrindulari sendoen multzoarekin, euskal harrobiko taldeak 70 top10 pilatu ditu 135 egunetan eta 13 aldiz igo dira podiumera, bi garaipenekin, egutegi oso lehiakorrean.

Emaitza horiek UCIren sailkapenean islatu dira, denboraldia munduko lehenengo 50 taldeen artean amaitzeko «helburua guztiz beteta».

Hobekuntza nabarmen hori UCIren sailkapenean azaltzen da: 1506 puntu pilatu ditu taldeak, munduko 35. postuan; iaz, 528 puntu batu zituen eta 63. postuan bukatu zuen denboraldia.

Jorge Azanza taldeko kirol arduradunak adierazi zuenez, «datuek gure denboraldi ona islatzen dute. Ideia nagusia urtea indartsu hastea zen. Dinamika onean sartzea lortu genuen, puntuak batuz eta lasterketa guztietan maila ona eskainiz».

Hori bai, faktore garrantzitsu bat gogoratu nahi izan zuen: «Denboraldiko une garrantzitsuenetan, Abetxuko, Bizkarra edo Iturria bezalako txirrindulariak galdu genituen. Itzalaldi txiki bat izan genuen».

«INOIZKO ONENETAKOA»

Caja Ruralentzat ere «historiako onenetako bat da» aurtengoa, izan duen erregulartasunari esker. UCIko rankingean top 30ean sartzea lortu du eta Estatu espainoleko Pro Team talderik onena izan da.

Talde guztiaren lan onaren artean, Ourluis Aular venezuelarraren lana nabarmendu zuten, denera zazpi garaipen izan baititu.

Gertu izan du Iuri Leitão portugaldarra, besoak bost aldiz jasota, nahiz eta taldearen garaipen gehienak amaiera estuetan heldu.

Juan Manuel Hernandez zuzendariaren iritziz, «esan genezake Pello Bilbaoren, Omar Fraileren edo Hugh Carthyren garaietatik ez dugula halako emaitzarik erdietsi. Eta hori, denboraldi hasiera zaila izan genuela».