Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
Eva Ferreira
EHUko errektorea

«Gure unibertsitatearen emaitzak eta harremanak oso onak dira»

Euskal Herriko Unibertsitateak une ona bizi duela uste du Eva Ferreira errektoreak; nazioarteko proiekzioa ona dela esan zuen eta ikerketa, «bikaina». Ordezko irakasleen protesten aferari dagokionez, enplegu partzialak murriztea eta plaza huts gehiago sortzea dutela helburu adierazi zuen Barakaldokoak. Entzute eta Erantzute Sarea ere goraipatu zuen.

(Garazi CASTAÑO)

Eva Ferreira EHUko errektoreak «argi eta garbi» defendatu zuen, atzo, zuzentzen duen unibertsitatea, «ez bakarrik publikoa delako, oso ona delako baizik». «Harrotasunez diot emaitza eta harreman oso onak ditugula», adierazi zion NAIZ Irratiari elkarrizketan.

Ordezkapena egiten duten irakasleak, ordea, kexu dira lan baldintzez, kontratu partzialetan 800 euro inguruko soldata dutelako, batik bat. Ekonomialari eta matematikari bizkaitarrak azaldu zuen Unibertsitate Lege berriaren aurretik ere bazirela kontratu partzialak, baina lege honekin ez dela posible ordezkapena egiteko kontratu osoa izatea.

Horri irtenbidea emateko, kontratu partzialak gutxitzen saiatzen ari dira, eta bete gabeko lanpostu gehiago sortzen. Osteguneko «Gobernu Kontseiluan 16 plaza berri onartu genituen. Bestalde, Jokin Bildarratz sailburuak luzamendu bat eskatu dio Ministerioari, egoera zuzentzeko».

Sindikatuek bilerak eskatu dituzte, ordainsarien dekretua moldatzeko ere bai. «Edonorekin eztabaidatzeko prest gaude», baieztatu zuen Barakaldokoak. «Arduradun politikoek dute dekretuak aldatzeko aukera. Guretzat garrantzitsuena gure irakasleen karrera hobetzea eta egonkortzea da. Horretarako postu huts gehiago sortzea da onena».

Shanghaiko Rankinga

Shanghaiko Rankingean hiru urtez jarraian munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu ostean, 400-500 onenen artean egotera pasatu da EHU. Eva Ferreiraren iritziz, «oso posizio ona» da. «Kontuan hartu behar dugu lehiaketa bat dela eta toki hori mantentzea oso zaila dela; urtez urte unibertsitate gehiago daude. Zenbaki batek ez du gure unibertsitatea definitzen. Egia da posizio hau nazioarteko proiekzioa hobetzeko oso garrantzitsua dela. Gainera, gure ikerketa bikaina dela erakusten du».

2030erako Shangaiko zerrendan 300 hoberenen artean kokatzea dute helburu. «Horretarako, gure unibertsitatea hobetu behar dugu, noski. Ikerketa gehiago bultzatu behar dugu, nazioartean erakargarri izatea ere bai. Posible da, badugu ahalmena».

Euskararen erabilera

Euskarak unibertsitatean duen erabileraz galdetuta, baikor mintzatu zen ekonomialari eta matematikaria. «Graduekin eta ikasketa ofizialekin lotu ohi dugu euskara, eta bide onean goaz hor. Graduondokoetan, doktoretzetan eta campuseko bizitzan erabiltzea da orain erronka, erabilera hori zabaltzea ekitaldi akademiko eta kulturaletan ere».

Medikuntza fakultatean hezkuntza prozesu osoa euskaraz egitea aldarrikatu izan dute. «Medikuak falta direnez, plazak gehitu ditugu. Eskaintza ez da nahikoa batzuetan, klasea euskaraz emateko irakasleak falta dira, baina konpontzen ari gara. Adibidez, Galdakaon ia dena euskaraz eskaintzen dugu. Lan handia da, poliki-poliki egin beharrekoa, erabilera handitzeko eta klaseetan euskara maila hobetzeko, gizartean bezala».

Unibertsitate pribatutik igarotzen denak gerora errazago al du lan munduan barneratzea? Sentipen hori nabaritzen dute EHUn? Ferreirak erabat gezurtatu zuen ideia hori. «Non daude datu horiek?», galdetu zuen, eta EHUren «emaitzak oso-oso onak» direla errepikatu. «Gure datuak oso onak dira lana lortzeko, lan egokiak».

Euskampus Fundazioa

Duela hamabi bat urte sortu zen Euskampus Fundazioa. Hasieran Tecnaliarekin eta DIPCrekin. Gero Bordeleko Unibertsitatea gehitu zen. Ferreiraren esanetan, «oso harreman ona» dute. «Bordeleko Unibertsitatearekin akordioak lortu ditugu laborategi mistoak egiteko. Arrakasta handia dute, badauzkagu sei-zazpi laborategi, eta harreman oso ona dute ikertzaile, ikasle eta irakasleek. Gizartea, unibertsitatea eta erakundeak lotzen ari gara horrela», kontatu zuen.

2023rako 494 milioi euroko aurrekontuak aurreko urteetakoa gainditu du. Unibertsitate plan berria daukate, hiru arlorekin: oinarrizko finantzaketa, azpiegiturak eta kontratu programak. «Bereziki etengabeko prestakuntza bultzatuko dugu, gazteen ikerketa eta emakumeen lidergoa, harremanak eta dibulgazioa, gizartearen onura lortzeko».

Pandemiak nerabeen osasun mentala kaltetu du. Ikasleek gero eta gehiago erabiltzen dute unibertsitateko arreta zerbitzua. «Horrez gain, Entzute eta Erantzute Sarea sortu dugu. Ikasle, irakasle eta langileak saretzen ari gara komunitatea zaintzeko eta jendeak, oso modu informalean, laguntza lortzeko aukerak zein diren jakiteko. Oso ondo doa eta etorkizunera begira komunitatea hobeto lotzeko bidea izango da», adierazi zuen.