GARA
DONOSTIA

Hezkuntza Legeak euskaldundu dezan, axola eskatu diete alderdiei

Euskalgintzako eta hezkuntzako zenbait eragilek agerraldia egin zuten, atzo, Hezkuntza Legea dela eta.
Euskalgintzako eta hezkuntzako zenbait eragilek agerraldia egin zuten, atzo, Hezkuntza Legea dela eta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartuko litzatekeen Hezkuntza Lege berria datozen belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin «arduraz jokatzeko» deia egin diete euskalgintzako eta hezkuntza komunitateko hainbat eragilek Lakuako Gobernuari.

Euskararen aldeko 30 eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua; Euskal Herriko Ikastolak, Heize eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala -ELA, LAB eta Steilas-; eta Kontseiluko zuzendaritzakide diren Elkar, AEK, “Berria” eta Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkariak Donostian agertu ziren atzo, Hezkuntza Lege proiektu berriarekin hizkuntza ereduak mantentzeko dagoen arriskuaren aurrean irakurketa eta eskaera bateratua egiteko. Ehige, Euskaltzaleen Topaguneak, Artez Euskara Zerbitzuak eta IKAk ere bat egin zuten eskariarekin.

Adierazpenean azaldu zutenez, Kontseiluak «hurbiletik» jarraitu dio lege berria eratzeko prozesuari; izan ere, «ezinbestekoa» iruditzen zaie duela 40 urte «oso bestelako testuinguru batean» sortutako araua berritzea. Gainera, beren ustez, «argi dago» euskararen normalizazioaren alde egin diren aurrerapauso asko «hezkuntzatik egindako ekarpenari esker» lortu direla.

Legearen onarpen prozesua amaitzear dagoenez, «une kritikoa» dela nabarmendu zuten, ekainean Gasteizko Legebiltzarrean arau berriak «zehaztasuna» behar zuela eskatu zutela gogora ekarrita. Funtsean, «gutxien duenari gehiago emateko» euskara gehiago behar duela defendatu zuten.

«KEZKA SAKONA»

«Ezustekoa hartu dugu aurkeztu diren hainbat zuzenketa justu kontrako noranzkoan doazelako, datozen hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren bizkarrezurra izan daitekeen legea jada zaharkituak dauden hizkuntza ereduen gainean eraikitzeko aukera zabaltzen dela ikusita -eman zuten aditzera-. Kezka sakona eragin digu, atzerapauso handia litzatekeelako».

Beraz, «epe luzerako begirada» proposatzen dute; hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala.