Amaia U. LASAGABASTER
F LIGA

Denboraldiko lehen puntua Ipuruan

Eibar jaitsiera postuetatik kanpo helduko da nazioarteko geldialdira, Ipuruan denboraldiko lehen puntua lortu ondoren, Vila-Real aurkari zuzenarekin partida berdinduta.

Sailkapeneko eta markagailuko oreka zelaian ere ikusi zen. Talde biek jokoaren kontrola txandaka bereganatu zuten eta erasotzea egokitu zitzaienean letaginak zorroztea falta izan zitzaien; neurri handi baten bien lan defentsiboa ere ona izan zelako, eta, puntuarekin batera, hori izan zen partidak Eibarri utzi zion onena, denboraldian lehen aldiz utzi baitzuen atea hutsean.

Aukera onena bigarren zatian izan zuen, Zubietan gola sartu zuen Nati Canoren burukadarekin, baina De Torok dotore erantzun zion. Aurreko jokaldi batean, Vila-Realeko atezainak penalti garbia egin zion Ane Camposi, baina epaileak ez zuen ikusi, pare-parean egon arren.