Jon ORMAZABAL
PILOTA

Galtzeko beldurra Elordiren bizkarrean lagata, bizirik jarraitzen du Artolak

Partida narras batean aurkariak ordura arte izan ez zuen sena erakutsita, buruz buruko txapeldunak partida oso ondo bideratua zuen bigarren atsedenaldian (18-13), baina alegiarrak barne korapiloa askatu eta partida irauli zuen Tafallan.

Artolak garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen, bere partidarik onena jokatu gabe.
Artolak garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen, bere partidarik onena jokatu gabe. (E. PORTILLO | FOKU)

Aldartea sasoia baino garrantzitsuagoa izan daitekeela frogatu zen atzo Tafallan, eta Iñaki Artolak, bere galtzeko, edo irabazteko, beldurra hobeto kudeatuta, oso kontra zuen partida irauli eta Lau eta Erdiko txapelketan bizirik segitzen du, gaur Astelenan Altunak eta Peñak egiten dutenaren zain. Ziur asko, jokoz, Amezketan jokatutako partidak askoz gehiago aseko zuen alegiarra, baina partida polita osatuta, azken unean alde egin zion garaipena berreskuratu zuen atzo Tafallan, lan askoz traketsagoa osatuta, berea zirudien garaipena Aitor Elordiri azken txanpan ebatsita.

Beste munduko ezer egin gabe, tantoak amaitzeko orduan Artolak erakutsi ez zuen senarekin, egungo buruz buruko txapeldunak partida esku-eskura zuela zirudien bigarren atsedenaldi luzera bost tantoko aldearekin joan zenean (18-13), baina uda oso zail baten ostean, bizkaitarraren konfiantza-biltegia ere ez dago soberakin handiegirekin eta duela hilabete batzuk menderaezina zirudien pilotariari ere bertigo zantzuak azaldu zitzaizkion une kritikoan.

METAMORFOSIA ERETAN

Ziur asko, batak eta besteak jokoan zutenaren eraginez, partida arraroa, narrasa, izan zen Tafallakoa eta hasieratik ikusi zen. Lehen tanto gogorra egiteko 24 pilotakada gurutzatu behar izan zituzten; hurrengo bostetan, ordea, baleko hiru baino ez zituzten jo; hiru sakez egin zituzten eta pilotari bakoitzak falta bat ere egin baitzuen, Elordik luzeegi eta Artolak motzegi jota. Partidan zehar beste bana ere egin zuten.

Baina dezente arraroagoa izan zen Tafallako pilotalekuaren barrunbeetan gertatu zena azaltzea, aldageletatik bueltan partidak oso bestelako traza hartu baitzuen.

Partidaren traketsean, Elordiren gaitasuna baino, Artolak tantoa amaitzeko erakutsitako gaitasun eza garesti ordaintzeko bidean zela erretiratu zen gipuzkoarra azken atsedenaldi luzera baina, galtzeko askorik gabe, halako partidetan horrenbestetan estutu duen barne korapiloa askatzeko gai izan zen eta horrek aurrerapauso bat emateko eta aire bila joateko bidea ireki zion, azkenerako jokaldi horrekin Elordik baino tanto gehiago amaituz (6-5).

Justu kontrakoa esan genezake dena alde zuela zirudienaz, Aitor Elordiz. Baikokoak bizkarretik kendu zuen zama bere gainean sentitu zuen mallabitarrak eta ez zen beste tanto bat egiteko gai izan. Artolak ere sakeari konfiantza askorik gabe eman bazion ere, ezkerrez erraztasun handiak eman zizkion Aspekoak errestoan.



Gipuzkoar finalerdiak Promozioan

Promozioko Lau eta Erdiko txapela Gipuzkoara joango da aurten, finalerdietarako sailkatu diren lau pilotariak bertakoak direlako. Iraitz Zubizarretak ez zion atzo inolako aukerarik eman Unai Matari Tafallan (22-8) eta ataundarraren garaipenak bezperan Bilbon garaile irten zen Iker Egiguren sailkatu zuen, eta, hortaz, Zubizarreta/Unai Alberdi eta Exposito/Egiguren izango dira finalaren atariko kanporaketak; hau da, enpresa bakoitzak ordezkari bat izango du oraingoz egoitzarik ez duen finalean.

Nahikoa zuen Iraitz Zubizarretak tanto bat finalerdietan izateko, baina bigarren mailako txapelketan orain arteko pilotaririk onena dela erakutsi nahi izan du eta bera izan da ligaxkan partida guztiak irabazi dituen pilotari bakarra. Lehen mailako atarikoan kanpoan geratu arren, goierritarrak dirudi Promozioko txapela janzteko faboritoa, baina pilota borobila da eta edozer gauza gerta daiteke. Baita, euren kanporaketak aurrera ateratzeko gai badira bi pilotari azpeitiarren arteko final bat izatea ere. J.O.