Peli LEKUONA
DONOSTIA

UEMA: «Berdin jarraituko dugu, ez dugu hizkuntza eskubiderik urratzen»

UEMAko lehendakari Martin Aramendik tokiko erakundeetan euskararen normalizazioa arautzen duen dekretuaren aurka EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena gogor kritikatu zuen, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Ataungo alkate ere bada eta euskara lehenesten jarraituko dutela azaldu zuen, orain arte bezala, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldia, atzo, Bilbon.
Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldia, atzo, Bilbon. (Raul BOGAJO | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu Vox eta PP alderdiek tokiko erakundeetan euskararen normalizazioa arautzen duen dekretuari jarritako helegiteak. Erabakiak bereziki eragiten die UEMAn biltzen diren herriei.

«Uztaileko ebazpenaren ondoren, ez da ezustekoa izan. Batez ere, ikusita nor dagoen ekimen honen atzean eta nondik datozen erabakiak», adierazi zion Martin Aramendi mankomunitateko lehendakariak NAIZ Irratiari. Dekretuak hainbat urtean ongi funtzionatu duela azaldu zuen, «ez du herritarren artean inolako arazorik eragin».

Joan Mari Torrealdai zenak “Euskararen liburu beltza” lanean jasota utzi zigun euskaldunok mendez mende zer eraso eta zigor jasan ditugun. Gerora, “Asedio al euskera” atera zuen. «Azken hilabete eta asteetan bizi izaten ari garen guztia uste dut liburu horietako eranskinen batean jasotzeko modukoa dela», esan zuen Aramendik.

Bere ustez, administrazioarekin harremana euskaraz izateko eskubide osoa duela jakin behar du herritar orok. Informazio guztia euskaraz jasotzeko eskubidea du eta euskaraz ulertzen ez badu, gaztelaniaz eskatzeko aukera du.

«TELEFONOA GAZTELANIAZ HARTU BEHAR DUGU?»

UEMAko lehendakari izateaz gain, Ataungo alkate ere bada Aramendi. «Lau urteotan ez dira asko izan, baina batzuek eskatu dute idatziak gaztelaniaz jasotzea eta halaxe jasotzen dituzte. Hori ere egiten dugu. Orduan, ez dakit non dagoen arazoa».

Lakuako Gobernuak 30 egun ditu kasazio errekurtsoa aurkezteko. «Behin betiko erabakia bide beretik etortzen bada, ikusiko dugu zer egin, baina guk printzipioz berdin jarraitzeko asmoa dugu, guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz», adierazi du.

Euskaraz lan egiteaz gain, kontzientziazio lan bat ere egin da azken urteetan UEMAko herrietan, eta jende askoren ahotan dabil, adibidez, atzera bota duten dekretu horietako batek puntu batean dioena: telefonoan edo harreran lehen hitza euskaraz egitea Konstituzioaren kontrakoa da. «Gaztelaniaz hartu behar dugu telefonoa, edo isilik gelditu eta ikusi herritarrak zein hizkuntzatan egiten duen? Gauza zentzugabeak dira», kexatu zen Aramendi.

Bere iritziz, «dekretu honek lehen gutxitua eta oso larri dagoen hizkuntza bati arnasa pixka bat ematen dio erabilera %80tik gorakoa den herrietan euskaraz funtzionatzeko».

Orain, «Lakuak errekurtsoa jar dezala, eta gainerako eragileok, denok batera lan egin beharko dugu. Beti izango gara txikiak, ez gara inoiz izango ondoan ditugun bi hizkuntza hegemonikoen neurrikoak, ez dugu izan nahi, baina utz diezagutela bizi izaten», aldarrikatu zuen UEMAko buruak.



Gazte blokea egingo dute azaroaren 4an, belaunaldi berriak batzeko

Azaroaren 4rako Kontseiluak deitu duen manifestazio nazionalean belaunaldi berrien presentzia argi geratu dadila nahi du Gazte Euskaltzaleen Sareak. Horretarako, gazte blokea antolatuko du. «Guk ere ardura hartu behar dugu gure hizkuntza aurrera eramateko», esan zuten, atzo, Bilbon egindako agerraldian.

«Euskaldunon aurkako oldarraldia judiziala izateaz gain, politikoa, soziala eta ideologikoa ere bada», baieztatu zuten. Azken eraso euskarafoboak aipatu zituzten adibide gisa: «Euskara gutxiesteko atzera botatzen diren lan eskakizunak, Uliazpiko epaia, Irungo udaltzainen kasua, Iruñeko Lezkairu auzoan hezkuntza departamentuak D eredua ez ireki nahia, Amurrioko euskara teknikariarena, Nafarroan euskara hizkuntza ez ofiziala izatea, belaunaldi berriak euskalduntzeko hezkuntzak duen funtzioari uko egitea eredu linguistikoak EAEko hezkuntza lege berrian mantenduz… Gure etxeko teilatuari harrika ari dira». Kezkaz bizi dute «parean ditugun aukeren aurrean, atzera eginarazten digutenen arduragabekeria. Euskararen normalizazioan bizi den belaunaldia garela saldu nahi digute, baina euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia da gurea. Aurrera egin nahi duena ere bai», aitortu zuten.

Hainbat eskuren bultzada behar da horretarako, gazteena ere bai. Asmo horrekin osatuko dute gazte blokea azaroaren 4an, 17.00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasita.GARA