EDITORIALA

Estatuaren biktimak: arantzez betetako bidea

Deitura luzea duen arren, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 Bitartean Izandako Motibazio Politikoko Indarkeriaren Egoeran Giza Eskubideen Urraketak Jasan Dituzten Biktimei Errekonozimendua eta Erreparazioa Emateko uztailaren 28ko 12/2016 Legeak hutsune garrantzitsuak ditu, indarkeria desberdinen biktimen arteko ohiko diskriminazioan sakontzen zutenak. Hala eta guztiz ere, arauak ate bat irekitzen zuen, gutxienez, Estatuko indarkeriaren biktimak aitortzeko, eta horrela baloratu zuten biktimen elkarteek.

Hasierako gaitzespenei gehitu behar zaizkie orain legeak sortutako ebaluazio batzordeak egindako kritikak. Oso kontuan hartzekoak, izan ere, giza eskubideen, praktika judizialaren eta auzitegi medikuntzaren arloan ospe handia duten adituek osatutakoa baita. Kritikek gutxienez hiru hartzaile dituzte. Lehenik eta behin, Lakuako Gobernua, batzordeak bere lana egiteko baliabide gutxi dituelako, eta horrek espedienteak ebazteko erritmo motelegia ekarri duelako, legeak berak ezarritako epeak betetzea eragozten duena. Bigarrena, Gobernu espainola da. Batzordeak Justizia Administrazioaren eta artxibo militarren laguntza falta salatu du, Guardia Zibilak hasieran bultzatu zuen iruzur saiakera ahaztu gabe. Normalizazio politikoan aurrera egiteko erabat onartezinak diren jarrerak dira. Borondate politikoa badago, ezinbestekoa da gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak argitzea, eta biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea. Espainiako Gobernuaren erantzukizuna argia da, eta batzordearen lana ez oztopatzeko neurriak hartu behar lituzke.

Azkenik, egindako lanaren esperientziari esker, batzordeak zenbait lege aldaketa proposatu ditu, hala nola tortura-kasuei kalte-ordaina emateko ezintasuna indargabetzea, legearen denbora epea zabaltzea, edukiak beste araudi batzuekin koordinatzea eta haren esparrua beste urraketa batzuetara zabaltzea, bai eta eskaerak egiteko epea luzatzea ere. Aldaketen programa zehatz bat, ahalik lasterren inplementatu beharko luketen alderdi politikoei zuzendua. Dagoeneko, Estatuko indarkeriaren biktimek gehiegi itxaron dute.