Iraitz MATEO
LEGAZPI

Josu Mugikari biktima izaera aitortuko dio Lakuak

Mugikaren senide eta lagunen agerraldia, atzo, Legazpian, biktima izaeraren aitortza dela eta.
Mugikaren senide eta lagunen agerraldia, atzo, Legazpian, biktima izaeraren aitortza dela eta. (Jon URBE | FOKU)

Polizia tiro baten ondorioz hil zen Josu Mugika, 23 urte zituela, Madrilen. 48 urte geroago, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako Lakuako sailburuordetzak biktima izaera aitortu dio. 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostenean egin dio aitortza. Lakuak astelehenean aurkeztuko du txosten osoa.

Txostenak dio bizi eskubideen «ageriko urraketa den polizia jarduera» baten biktima izan zela, Poliziaren tiroen eraginez hil baitzen. Eta egiletzari dagokionez, bertsio kontrajarriak badaude ere, Balorazio Batzordeak adierazi zuen argi dagoela atxiloketak egiteko jazarpen bat egon zela eta bertan polizia agenteak zeudela. Eta ondorioz, Estatu espainolaren erantzukizuna, Poliziaren Kidego Orokorrarena hain zuzen ere, egiaztatuta dagoela jasotzen da.

Atzo Legazpiko Chillidaren lantokian elkartu ziren haren senide, lagun eta kideak, jasotako aitortzaren nondik norakoak azaldu, balorazioak egin eta eskakizun zehatzak egiteko. Mugikaren bikotekide Maria Jesus Lezetak, Felix Egia hil zuten egunean berarekin zegoen kideak, eta Aitziber Gin bere ilobak hitza hartu zuten.

Egiak kontatu zuen Segoviako presoak irteteko lanean Mugikarekin batera zegoela, eta, elkarrekin egun gutxi igaro bazituzten ere, oroitzapen ona duela: «Bere borondatea eta Euskal Herria askatzeko gogoa gogoratzen ditut. Franco gaixo zegoen, eta hil aurretik azkenetako ekintza izango zen gure ustez, ekintza izugarria, presoak askatzea». Eta gaineratu zuen, «oso pozik» jaso duela berria.

Urte luzeak izan direla esan zuen Lezetak, egia ezagutzeko arrakastarik gabeko hamaika saiakera egin dituztelako. Ikerketa judizialik ez egin izana ere etsigarria izan dela gaineratu zuen. «Familiak ez du baztertzen Josuren hilketarengatik Auzitegi Penalera jotzeko aukera, gaur egun indarrean dauden eta oraindik jazarri daitezkeen delitu erantzukizunak ebazteko».

«BIGARREN MAILAKO BIKTIMA»

Mugikaren iloba da Aitziber Gin, eta berak hartu zuen hitza senideen izenean, balorazio «gazi-gozoa» eginez. Adierazi zuen urte askoan jo dituztela «bigarren mailako biktimatzat», eta gogorra izan dela prozesua. Hala ere, prozesuan egindako lau gogoeta aipatu zituen.

Batetik, Lakuari eskatu zioten balorazio batzordeari bitarteko gehiago jartzeko, baliabide ekonomikoak eta humanoak, eta baita epeak zabaltzeko ere, kasu gehiago aztertu ahal izateko. Bigarrenik, beraien babesa adierazi die egoera antzekoan dauden herritarrei, eta «Estatu indarkeria jasan dutenei, egia eta justiziaren alde lanean jarraitzeko» deia egin zien. Hunkiturik eskertu zituen senideen ondoan egondakoak, eta osaba gogoratu zuen: «Exekuzio bidegabea izan ordez, Poliziak Josu atxilotu izan balu, gaur ezagutzeko aukera izango genuke».

LAU BERTSIO OFIZIAL

1975eko uztailaren 30ean hil zuten Mugika. Segoviako ihesa egin behar zutenei laguntzeko joan ziren Madrilera Josu Mugika, Jose Maria Lara Txepe, Felix Egia eta Mikel Lejarza El lobo, azken hau Poliziaren infiltratua. Han, dokumentazio faltsua egiteko materiala biltzen ari zirela, sumatu zuten Polizia atzetik zutela, eta ihesean hasi ziren. El lobo izan zen eskapu egitea lortu zuen bakarra. Mugika hil egin zuten, eta beste biak atxilo hartu. Historia horrela aitortua izateko, ordea, 48 urte igaro dira, aurrez beste lau bertsio ofizial baitzeuden, azken honekin orain gezurtatu direnak.