GARA
ERRUGBIA

Mende erdiko jarduna ospatzeko, egun osoko egitaraua Ordizian

Gaur 50 urte beteko dira Ordizia Rugbi Elkarteak Trebijanon bere lehen partida jokatu zuela. Eta justu egun berean, goierritarrek Altamiran Cisnerosen aurka ligako partida jokatuko dutela aprobetxatuz, egun osoko egitarau oparoa prestatu du bertako taldeak, mende erdi honetako jarduna behar bezala ospatzeko. Gainera, lehen taldearen partida horretan jantziko dute, lehen aldiz, denboraldi berrirako kamiseta, garai batekoei keinu eginda, marra gorri-urdin horizontalak dituena.

Goierri aldean erabat ezezaguna zen kirol bat erabat errotzea izango da, ziurrenik, talde honek bere historia luzean lortutako garaipenik handiena, eta ibilaldi luze honetan izandako pozak eta saminak elkarrekin gogoratzeko eguna antolatu dute Ordizian.

Mingotsenen artean da Manu Oxinalderen heriotza, duela 43 urte jazotakoa, Trebijanon jokatzen ari zela zendua. Egun berezi honetan, bere alabak -aita hil zenean oraindik jaiotzeke zenak- eta bilobak omenaldia jasoko dute.

Era berean, aste honetan lan istripu batean bizia galdu zuen Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohi eibartarra ere omenduko dute, lehen taldearen partida hasi baino minutu batzuk lehenago.

ALTAMIRARA KALEJIRAN

2023 honetan Ordizia Rugby Taldea ez da urteurren biribila betetzen duen talde bakarra, Katxiporretaren 35 eta Bonberenea Txarangak 20 ospatuko dituzte, denek elkarrekin. Hauek ere euren omenaldia jasoko dute, eta 15.00etan Ordiziako plazan elkartuko dira musikari, pailazo eta errugbi taldeko zaleak Altamirara kalejiran gerturatzeko. Goierriko klubetik pailazoek urte hauetan guztietan egindako lana eskertu nahi diete ekintza honekin.

Ordiziaren eta Cisnerosen arteko partida nagusia 16.30ean hasiko da, baina egunean zehar beste zenbait partida ere jokatuko dira. 16 urtez azpiko Elorrio-Arrasate partida jokatuko da 10.30ean, eta errugbi inklusibo jarduera bat egingo dute 11.00etan. Eguerdian 18 urtez azpiko Elorrio-Arrasate partida jokatuko da. Eta 14.00ean, nesken artean, Bera-Bera La Unica-ren aurka.

Ospatzeko motiborik eta ekitaldirik ez da faltako, hortaz, egun osoan zehar Ordizian.

Egitarauan bermatzen ez den arren, lehen taldearen garaipena litzateke jardunaldia biribiltzeko modurik onena. Aurreko astean jipoi handi samarra hartu zuten Burgosen, eta arantza kendu nahiko dute talde historiko baten aurka.