Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Ilusioa

Children of Men” izan zen, milurteko hasiera inguru hartan, nigan arrastoa utzi zuen filmetako bat. Ez ditut tramaren detaile ugari gogoratzen baina, bai, lan horrek nigan errotu zuen ideia indartsu bat: ez dago militante idealista batentzat zinismoa baino minbizia okerragorik. Izan ere, halakoa baita Theo Faron protagonista -Clive Owen-, minak eta pantone grisak irentsi duen gizon etsia.

Onartu behar dizuet hain sakon amildu ez arren ni neu ere, Ho Chi Minh bezala, estropezu egin eta amildegi ertzera jausitakoa naizela. Norbere akatsak, egiaztapen mingotsak eta miseriaren bat edo beste tartekatu zaizkit gizakiarenganako fedearen ertzerainoko bidaian. Idealismo gehiegizkoari botako lioke ni zinikotzeko zorian egotearen errua baten batek akaso, bizi ditugun garaiei beste askok, baina aro garaikidean hau gai klasikoa da. Casablancan Rickek -Humphrey Bogart- edaniko alkohol litro guztiak dira horren lekuko. Gako bat Julio Cortazarrek eskaini zuen, koloso argentinarrak, nork bestela, berari egotzitako interneteko zita batean: «Nire ustez, ilusioen zapuztea da galerarik behinena, egitateak, ederrak izanik ere, ez direlako iristen horiek ordezkatzera».

Ametsen materia delikatua da. Apurtutako mintzen joskintzak eskatzen du arta bat eta arte bat ez dena horren ezaguna, misteriotik asko duena, eta nork bere buruarekin duen harremana biluztea exijitzen duena. Niri gertukoen kariñoak, beste batzuez arduratu beharrak eta hiru detailek erakutsi didate sendabidea. Lehena Juan Mari Arzakek emaniko lezioa da: bertako osagaiekin egin liteke iraultza, baina horretarako ikasi eta lan egin beharra dago. Bigarrena Gure Zirkua ekimena da, zeinaren karpa-buelta txukuntzeko jarritako loreek gordetzen duten mezu indartsu bat petalo artean. Eta hirugarrena Ikusi Makusi literatura azoka, ederra baino ederragoa, fantasia hutsa.

Ilusio kritikoa. Ezkortasun aktiboa. Deitu nahi duzuen bezala. Baina inoiz amestu baduzue, zor diozue zuen buruari kandelari eusteko ahalegintxoa.