Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Lehiakide berriak bai, baina aldaketarik ez 2024ko CT itzulian

Datorren denboraldian lehen mailan izango diren surflariak izendatuak izan dira. Nesken kategorian belaunaldia aldatzen ari da, baina mutiletan batez besteko adina dezente altuagoa da. CT zirkuituko txapelketen zerrenda iazko berbera izango da.

Caitlin Simmers lehen mailako nesken kategoriako lehiakide gazteena.
Caitlin Simmers lehen mailako nesken kategoriako lehiakide gazteena. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lehen mailara igotzeko Challenger Series itzulia amaitu ostean, datorren denboraldian Championship Tour zirkuitu gorenean nortzuk lehiatu ahal izango diren zehaztu du WSL erakundeak. Eskuratutako emaitzei esker lehen mailara igotzea lortu duten lehiakideez gain, gonbidapen wildcardak jaso dituzten lehiakideen izenak ere ezagutarazi dituzte eta, horiekin batera, plaza huts posibleak betetzeko surflari bana izendatu dute nesken zein mutilen kategorian.

Txapelketen zerrendari dagokionez, iazko bera izango da, ez da deus aldatuko. Hawaiin hasiko da itzulia urtarrilean eta bost txapelketaren ostean «denboraldi erdiko mozketa» egingo dute apirilean, lehiakide kopurua murriztuko delarik. Hurrengo bost txapelketetan Final Handian izango diren bost lehiakideak izendatuko dira, eta azkenean, irailean Trestlesen (Kalifornia) egingo den Final Handian erabakiko dira 2024ko munduko WSL txapeldunak nortzuk diren.

LEHIAKIDE BERRIAK

Guztira 36 gizon eta 18 emakume izango dira lehen mailan 2024. urtean eta sailkatze sistema aurtengoaren berbera izango da. Mutilen kategorian rankingeko lehen 22 sailkatuek lehen mailan jarraitzeko plaza gordeko dute apirilean egiten den «sasoi erdiko mozketaren» ostean, eta nesken kategorian lehen hamar sailkatuak izango dira lehen mailan jarraitzeko plaza irabaziko dutenak. Gainontzeko lehiakideak, alegia, lehen 22 mutilak edo 10 neskak baino beherago geratu direnak, CS mailan lehiatu beharko dira CT mailan postu bat berreskuratzeko.

Nesken kategorian CS rankingeko lehen bost lehiakideak dira lehen mailara igotzen direnak, eta mutilen kategorian, ostera, rankingeko lehen 10 sailkatuak igotzen dira CT mailara. Horiez gain, bina gonbidapen wildcard eta “ordezko” bat izango dira kategoria bakoitzean. “Ordezko” bat atxikitzea gauza berria da; aurtengo berrikuntza bakarra dela esan daiteke, baina badu zergatia, aurrerago azalduko duguna.

Lehen mailan izango diren surflarien behin betiko zerrenda esku artean, badira kontuan hartzeko zenbait gauza. Adibidez, lehiakideen adina kontuan hartzen bada, nesken zein mutilen mailan bi errealitate oso desberdin nabarmentzen dira. Ohikoa da nesken mailan batez besteko adina mutilen kategorian baino baxuagoa izatea, baina aurtengo sailkatuen artean ohi baino surflari gazteagoak atxiki dira nesken itzulian. Ez da gauza bera gertatu mutilen mailan; izan ere, aurpegi berriak badira, baina gehienak mailaz igotzeko urte askoan lehiatu diren lehiakideak dira.

Beteranoek lehen lerroan jarraitzen dute nesken zein mutilen mailan, baina aldaketak gauzatzen hasiko diren urtea izan daiteke datorrena, batez ere nesken kategorian, oso surflari gazteak itzelezko maila erakusten ari baitira.

Zortzi bider munduko WSL titulua irabazi duen Stephanie Gilmore da nesken kategorian urte gehien dituen lehiakidea; 35 urte ditu australiarrak. Bere atzetik, Carissa Moore hawaiiarra, bost bider munduko txapeldun izan dena, eta Sally Fitzgibbons australiarra, aurten berriz ere lehen mailara igotzea lortu duena, daude, 31 eta 32 urtekoak.

Mutilen kategorian zaharrena Kelly Slater da. Hamaika bider munduko txapeldun izandakoak 51 urte ditu. Bere atzetik Jordy Smith hegoafrikarra dago, 35 urterekin, eta honen atzetik 30 eta 31 urte dituzten lehiakideak daude, hala nola John John Florence eta Gabriel Medina.

Lehiakide gazteenak, ostera, honako hauek izango dira. Mutilen kategorian, Eli Hanneman, 20 urteko hawaiiarra, eta nesken mailan, Caitlin Simmers, joan den denboraldian lehen mailan sekulako emaitzak lortu dituen 17 urteko estatubatuarra.

Mutilen kategorian ez dago 22 urte baino gutxiago dituen surflaririk lehen 20 lehiakideen artean, eta 23 eta 25 urte arteko lehiakideak ere ez dira asko, soilik zazpi dira adin tarte horretakoak. Lehen mailan izango diren gainontzeko mutil guztiek 26 urtetik gora izango dituzte.

Aitzitik, nesken artean batez besteko adina askoz ere baxuagoa da. Rankingeko lehen hamar lehiakideen artean diren nesketatik erdiek 22 urte edo gutxiago dituzte, eta antzeko zerbait gertatzen da lehen mailara igo diren rankingeko beste bost lehiakideekin, horietatik hiruk 22 urte edo gutxiago baitituzte.

Guztira, ordezkoak eta gonbidapen wildcardak kontuan hartuta, lehen mailan izango diren 18 nesken erdiek 22 urte edo gutxiago izango dituzte. Mutilen kategorian, ordea, CT itzulian lehiatuko diren 36 surflarien artean lau lehiakide soilik izango dira 22 urte edo gutxiagokoak.

SLATER VS BOUKHAIM

WSL erakundeak 2024ko gonbidapen wildacarda Kelly Slaterri emango ziola iragarri zuenean hautsak harrotu ziren; izan ere, hamaika bider munduko txapeldun izandakoak ikusmin handia sortzen duen arren, legez ez zegokion gonbidapena jaso zuen. 2022ko otsailean, 50 urte egin berri zituela, Pipeline Masters lehiaketa ospetsua zortzigarren aldiz irabazi zuen Slaterrek. Garaipen horren ostean duin erretiratzeko aukera ezin hobea izan zuen, baina nahiago izan zuen lehian jarraitu.

Surfaren historian garaipen gehien eskuratu dituen surflariak oraindik beste zerbait irabaz zezakeela pentsatu zuen, baina ordutik ezinean jarraitu zuen eta ez zuen lortu sasoi erdian egiten den lehiakide murrizketa gainditzea.

Araudia errespetatuko balitz, Slaterrek bigarren mailan lehiatu beharko luke berriz ere lehen mailara igo ahal izateko, baina WSL erakundeak mid-Season wildcard izeneko gonbidapen bat asmatu zuen «munduko txapeldun ohientzat» eta, horri esker Floridakoa sasoi osoan lehiatu ahal izan zen. Baina horrela ere ez zuen lortu lehen mailari eustea eta, hala ere, gonbidapen wildcard bat jaso du 2024an CT itzulian jarraitzeko.

Ez du zorte bera izan Ramzi Boukhaim marokoarrak. Lehen mailara igo zen 2023ko denboraldirako, baina Pipelinen egin zen itzuliko lehen txapelketan lesio bat izan zuen eta lehiaketa utzi behar izan zuen. Halako kasuetan bigarren aukera bat izateko sortu zen wildcard gonbidapena, baina WSLk erakundeak marokoarraen postua Kelly Slaterri eman zion. Horregatik kritika asko jaso zituen WSL erakundeak eta horregatik, “ordezko” postua asmatu du denboraldi berrirako, marokoarrak aukera txiki bat izan dezan.