Asier ROBLES
BILBO

Epaitegien esku-hartzeak salatzeko deia egin du Kontseiluak larunbaterako

Auzitegien esku-hartzea salatu, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatu eta herritarren eskubideak erdigunean jarri nahi ditu Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4ko manifestazioan. Dagoeneko 40 autobusetik gora antolatu dira herri eta eskualde ezberdinetan, eta milaka pertsonak parte hartzea espero dute.

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, Bilboko Euskalduna jauregiaren atarian.
Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, Bilboko Euskalduna jauregiaren atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean atzo egindako agerraldi baten bitartez, azaroaren 4ko manifestaziora joateko hiru arrazoi nagusi aurkeztu zituen Euskalgintzaren Kontseiluak: auzitegien esku-hartzea salatzea, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatu eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea.

Atzoko agerraldian Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi zuenez, azken urteetan euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira, bai EAEn bai Nafarroan. «Sententzia guzti hauen jatorria botere judizialaren eskutik euskararen ofizialtasunaren berrinterpretazio batetik dator, gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jar dezakeen edozein neurri Konstituzioaren kontrakotzat jotzen hasi direlarik epaileak», salatu zuen.

Halako epaiak ugaritzen ari zirela-eta, 2023ko maiatzean euskalgintzako eta bestelako gizarte eragileetako ehunka kidek azaroaren 4ko manifestazioa iragarri zuten, eta irailaren 26an deialdia berretsi. Baina Eskisabelek adierazi zuenez, agerralditik agerraldira «areagotu egin dira oldarraldia publikoki salatzeko eta euskararen alde mobilizatzeko arrazoiak». Izan ere, Udal Legearen eta garapen dekretuaren gainean ebatzitako azken epaiek «euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak egiteko jokalekua deseraiki eta herritarron hizkuntza-eskubideen babesgabetasuna handitu» dutela salatu du Kontseiluak.

HERRITAR GUZTIEI ZUZENDUTAKO HIRU ARRAZOI

Sententzia bakanetatik harago, botere judizialaren «oldarraldi bat» dagoela argi utzi zuen atzo Eskisabelek, eta mobilizazioan desadostasuna publikoki agertzeko deia egin zien herritar guztiei. Bertan parte hartzeko hiru arrazoi eman zituen:

Lehena, botere judizialaren esku-hartzeak salatzea. «Auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari dira; horrenbestez, euskararen normalizazioa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika egiten eta determinatzen; argi uzten nork duen azken hitza», azaldu zuen.

Bigarren arrazoia euskararen normalizazioan aurrera egitea da. «Euskara da zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, eta gertatzen ari dena are larriagoa da abagunea kontuan hartuz. Izan ere, munduaren egungo testuinguruan aurrera begirako erronkak biderkatu egin zaizkio euskarari eta euskaldunon komunitateari. Sententziek eragingo dituzten atzerapausoak onartezinak dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko unea da, ez atzera egitekoa», esan zuen Eskisabelek.

Hirugarrena, euskal herritarron eskubideak erdigunean jartzea: «Pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan beharko lituzkete. Baina, aldiz, egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak. Euskararen normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntza-eskubideen urraketarekin segitzea dakar berarekin, eta, horrenbestez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzea».

KANTUJIRAK, SOKADANTZA ETA AUTOBUS UGARI

Horrekin guztiarekin, Euskalgintzaren Kontseiluak herritar guztiei dei egin die larunbatean Bilbora gertura daitezen. Manifestazioa 17.00etan Euskaldunatik abiatuko da, eta udaletxera heltzean amaiera ekitaldiari ekingo zaio.

Ibilbide osoan zehar hainbat kantujira taldek giroa animatuko dute eta jendea ozen kantatzera gonbidatuko dute. Manifestazioa Bilboko udaletxera heltzen delarik, musikari ezagun batek kantu euskaltzale bat eskainiko du. Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hitzaldia egingo du, eta ondoren, Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatuta sokadantza dantzatuko da.

Antolatzaileek baikor ikusten dute giroa, azken sententziek herritar askoren kezka eta ezinegona areagotu dutela argi ikusi baitute. Momentuz 40 autobusetik gora antolatu dira.