Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Jalgi hadi Bilbora!

Amak eman zidan bizitza eta hizkuntza bat, nire ama hizkuntza ez dena», idatzi du Anari Alberdik “Gari eta goroldiozko” eleberrian. Hagitz ongi dago adierazita hizkuntza bat maitatzeko ez dela zertan izan norberaren ama hizkuntza deiturikoa. Kasu horretan gaude etxean barik kalean euskaldundu garen milaka euskal herritar.

Euskararen sustapena hizpide dugularik, helduleku bi erabil ditzakegu: afektua eta arrazoia. Eta biak erabili beharko lirateke. Azaroaren 4an egingo den manifestazioaren zioen azalpen oso arrazionalak entzun izan ditugu, hizkuntza politika eraginkorrak, euskararen biziraupena ziurtatzeko legeria blindatzea edota euskararen aldeko gizarte itunaren beharra adieraziz. Eta egunotan sare sozialetan bolo-bolo dabilen mezua da larunbatean euskara maite dugunok egon beharko genukeela bertan.

Nago alferrikakoak direla legeria guztiak, ez badugu lortzen euskal herritarrok euskara maitatzea, edo, are sinpleago, gure herrialdeko hizkuntzetako bat dela onartzea eta, beraz, errespetua eta zaintza berezia zor zaizkiola konturatzea, zaurgarria delako. Berdin balio du horrek euskaldunentzat zein erdaldunentzat. Adibide ona da hezkuntza sistemarekin gertatzen dena: ikasle askok euskara maila txukuna lortzen dute eskola garaia amaituta… eta hor bukatzen da dena. Zerk bultza dezake inguru zeharo erdaldunetako jendea euskarari ekitera? Edo ozta-ozta dakiena etengabe hobetzen saiatzera? Edo ondo dakiena euskal kulturaren ur sakonetan murgiltzera?

Etsiak hartuta, batzuetan, aurreranzko ihesaldi moduko bat egiten dugu, eta Euskararen Errepublika aldarrikatzen da, adibidez. Behin lortuta, hiru eleduna izango litzatekeen estatu elebakar homogeneo baten fantasiarekin olgetan, ahazten dugu aurretik euskararekiko atxikimendu zabala landu beharreko ezinbesteko baldintza dela.

Leizarragaren Biblia protestantearen gainean eskua ipinita, zin dagit euskara maite dudala, baina presazkoa deritzot gogoeta arrazional partekatuagoak lantzeari. Larunbatean elkar ikusiko dugu Bilbon.