IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Loak ezkutatzen duena» argitara ekarri du Patxi Zubizarretak

Patxi Zubizarretak «Loak ezkutatzen duena» misterioz beteriko eleberria aurkeztu zuen atzo Donostian. Pertsonaia bakoitza beste pertsonaiaren bati jarraika dabil, eta hor korapilatuko dira bakoitzaren bizitzak eta istorioak. Andreas «lotaratzaileak» herritarrei laguntzen die gauez, insomnioari aurre egiteko lagun ezberdinen oheetan sartzen baita, eta hari jarraika ibiliko da Petra kazetaria, eta honi segika Gabriel liburuzaina.

Patxi Zubizarretak «Loak ezkutatzen duena» eleberria aurkeztu zue, atzo, Donostian.
Patxi Zubizarretak «Loak ezkutatzen duena» eleberria aurkeztu zue, atzo, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Insomnioari buruzko erreportaje baten itxura du hasieran Patxi Zubizarretak atzo aurkeztutako eleberriak, baina berehala hartzen du tonu misteriotsua, eta hamar egun irauten duen kontakizun batean kokatzen gaitu. “Loak ezkutatzen duena” izenburupean argitaratu du Elkarrekin, argitaletxe honek Ondarroako Udalarekin batera antolatzen duen Zubikarai Saria irabazi ondoren.

«Gaueko hitzei» begiratu zien idazleak, izan ere, «pandemia berria» da haren ustez insomnioa, eta hala kontatu zuen: «Pertsona bakoitzaren barruan pertsona arrotz bat dago, eta horiek komunikatzeko bi bide dituzte: gaixotasunarena eta ametsarena». Aurkezpenean azaldu zuen ametsen inguruan asko idatzi dela, baina loaren eta batez ere lo-ezaren inguruan ez. Eta hortik abiatu zen Zubizarreta, «gaueko hitz» deitzen dien horien atzetik, norberaren kezken eta obsesioen atzetik.

ERREFERENTZIEZ JOSITA

Horretarako, bi protagonista nagusi eraiki ditu, eta beraien inguruan dabiltzan beste hiru nagusi ere ageri dira. Petra eta Andreas dira protagonista nagusiak: Petra kazetaria da eta insomnioaren inguruko erreportaje bat osatu behar du. Informazio bila, Gasteizko koltxoi denda batera hurbiltzen da; han aurkituko ditu Simon bizkartzaina eta honek babesten duen Andreas «lotaratzailea».

Asmatutako ogibidea da Andreasena, insomnioa dutenei laguntzen die gauez, lo har dezaten. Petra, bere kazetari senari jarraiki, lotaratzailearen atzetik abiatzen da; eta kazetariaren atzetik dabil Gabriel liburuzaina, harekin maitemindurik. Irakurleak horrela bisitatuko ditu insomniodunen oheak eta istorioak, pertsonaia bat besteari jarraika dabilela, «pertsonaiak eta tramak katramilatuz». Mendiguren editoreak esan zuen, eleberri beltz gisa katalogatu badaiteke ere, umore puntuak badituela.

Zubizarretak aitortu zuen pertsonaia guztiekin sentitzen dela «identifikatuta, modu batera edo bestera». Mundu osoko erreferentziak erabili zalea da Zubizarreta, eta liburu honetan nola egin asmatu duela kontatu zuen: Gabriel liburuzainarekin. «Erreferentziak sartzeko teknika egokia topatu dut. Gabrielek asko daki liburuzaina delako, eta beraren bidez sartu ditut». Munduan zehar erabiltzen diren lo hartzeko teknikak ere jasotzen dira eleberrian.

Petraren eta Andreasen ahotsak nabarmentzen dira kontakizunean, haiek baitira narratzaile nagusiak. Baina idazleak eleberri «korala» dela azaldu zuen, pertsonaia bakoitzaren lekukotasuna jasotzen baitu kapitulu bakoitzak.

Elurrez estaliriko Gasteiz da kokalekua, joan den urteko neguan, hain zuzen ere. «Garraio publikoan oraindik musukoa eraman behar zen garaian» zehaztu zuen idazleak. «Irailerako amaitu behar nuen eta, hortaz, udaran denbora asko eskaini beharko nion; horregatik kokatu nuen elurretan, bero jasanezina zegoenean ni elurretan ibiltzeko».

ESKUZ IDAZTEAREN OHITURA

Liburu aurkezpenetan amaitutako lana ikusi ohi du kazetariak. Baina atzo Zubizarretak bertaratutakoak harritzea lortu zuen, eleberriaren eskuizkribua erakutsi baitzuen. Eskuz idazten jarraitzen du idazleak, eta dena Donibane Lohizunen erositako koaderno batean idatzita dauka, tinta urdinez eta arkatzez egindako zuzenketekin.

Eskuan eskuizkribua hartuta kontatu zuen: «Hau da nire partitura, nire musika. Egunean orrialde bat edo bi idazten ditut, ez gehiago, eta hementxe jasota dago».