GARA
ISLAMABAD

Pakistan utzi nahi ez duten hainbat afganiar herrialdean ezkutatu dira

Asteazkenetik aurrera, Pakistanen diren afganistandar errefuxiatuak atxilotze eta erbesteratze arriskuan daude. Agintari pakistandarren mehatxua hori izanik ere, batzuek herrialde horretan geratzea erabaki dute; halabeharrez, ezkutuan. Zenbaitek bizitza arriskuan izango lukete, Afganistanera itzuliko balira.

Errefuxiatu afganiarrak kamioietan, Torkham-eko mugarako bidean.
Errefuxiatu afganiarrak kamioietan, Torkham-eko mugarako bidean. (Abdul MAJEED | AFP)

Asteazkenean amaitu zen Pakistanek milioi eta erdi migratzaile eta errefuxiatu afganistandarrei herrialdea uzteko emandako epea. Geroztik, Pakistanen dauden paperik gabeko afganiarrak arriskuan daude, edozein momentutan atxilotu ditzakete. Herrialdeko mugetan pilatuta daude milaka, Afganistanera bueltatzeko zain. Beste askok, mehatxuak mehatxu, Pakistanen geratzeko hautua egin dute.

Qandagha da horietako bat. Iparraldeko Peshawar hirian bizi da, eta EFEri adierazi zion ez dagoela prest Afganistanera itzultzeko: «Daukadan dena hemen dago».

Afganistandar honek Pakistanen ezkutatzea erabaki zuen, ez dezaten atxilotze zentro batean sartu, ondoren Afganistanera itzularazteko.

Atxiloketak asteazkena baino lehen hasi zituen Pakistanek, emandako epea errespetatu gabe. «Pakistango Polizia Afganistango etorkinak atxilotzen hasi zenetik, nire dendan geratzen naiz, baita gauez ere, eta ezin dut etxera joan, Poliziak mugimenduak kontrolatzen dituelako», azaldu zuen Qandaghak.

Herrialdea uzteko aginduak ataka larrian utzi ditu milaka familia afganiar: Pakistanen ezkutatuta bizi ala Afganistanera familia osoa batuta itzuli.

«Anaiak eta biok denda bat dugu. Anaiak nortasun agiria badauka, baina amak eta biok ez; beraz, ezin dut lanera joan, eta nire anaiak bakarrik zaindu beharko du denda, baina ez dakit zenbat denborarako», kontatu zion EFEri Parwize 22 urteko gazteak.

Gazte honek duela urte batzuk utzi zuen Afganistan, familian gatazka bat bizi zuelako, eta geroztik bueltatzeko beldur da.

«Nire bizitza arriskuan egongo baldin bada, nola joango naiz hara?», galdetu zuen.

ERREPRESIOAREN BELDUR

Geratzea erabakitzen duten Afganistango errefuxiatu eta migratzaile gehienek agintari Talibanek haien aurkako errepresaliak hartuko dituzten beldur dira, bi hamarkada luzeko gatazka armatuan atzerriko tropen aldean borrokatu dutelako.

Mohammad Dawood, kasurako, Estatu Batuetako eta Kanadako armaden gidaria izan zen Panjwaiko base afganistandarrean, Kandahar eta Helmand probintzien artean.

2021eko abuztuan talibanek Kabul hartu zutenean, 40 urteko gizon honek eta bere familiak Afganistan utzi zuten, handik Quetta hirira joateko, Baluchistango probintzian, Pakistango hegoaldean.

Bere emaztea pakistandarra denez, haren familiak behar diren agiriak ditu, Pakistanen duen egoera erregularizatzeko. Baina Dawoodek ezin du halakorik egin, ezkutuan bizi behar du erbesteratzea saihestu nahi badu.

«Hainbat astez egon naiz ezkutuan, eta denbora gehiena familiarengandik urrun. Misioak egin ditut atzerriko soldaduekin; talibanek badute horren berri, badute nire berri, eta hori mehatxu bat da niretzat», esan zion Dawoodek EFE agentziari.