Jon ORMAZABAL
PILOTA

Klaustrofobiari iskin egin dio, eta lehen finala jokatuko du Peio Etxeberriak

Oso motzean jokatutako finalerdiaren lehen erdi oso gogorraren ostean, errestoan oso sendo eta fisikoki ere indartsuago ibili zen ultzamarrak barruko korapiloa askatu eta lanak eman zizkion Jon Ander Peñari, eta merezita irabazi zion Gasteizen.

Defentsan, baina baita erasoan ere, Peio Etxeberria eraginkorrago aritu zen.
Defentsan, baina baita erasoan ere, Peio Etxeberria eraginkorrago aritu zen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hirugarrenean aidanez. Peio Etxeberriak bere ibilbideko lehen finala jokatuko du abenduaren 19an Bilbon, Gasteizen jokatutako finalerdi klaustrofobikoan Jon Ander Peña 22-15 gaindituta. Azken bi urteetan pauso bakarrera geratu ostean -Laso eta Ezkurdiaren aurka erori zen-, ultzamarrak aurten ez du barkatu eta beste jauzi bat eman du bere ibilbide zailean. Lehen erdi itogarriaren ostean, errestoan, defentsa hobean eta fisikoan topatu zuen Zenotzekoak klaustrofobiari ihes egiteko formula, eta merezita gainditu zuen ezkerrez nahi bezala jokatzeko modurik aurkitu ez zuen Peña.

Bi pilotariak ideiak oso argi zituztela kantxaratu ziren Ogetara, eta bataren eta bestearen lehentasunetan ez zen aparteko desberdintasunik. Arerioari airez sartzeko aukerarik ez ematea zen bataren eta bestearen lehen nahia eta horretan zintzo saiatu ziren. Horrek bi aurrelariak azpitik jokatzera eraman zituen, frontisetik oso gertu gehienean, eta lau eta erdian baino, hiru eta erdian arituko balira bezala. Sakatzaile onak izanagatik, elkarri min gutxi egin zioten lehen pilotakadarekin eta honi jokoari sartu zioten erritmoa eta partidaren garrantziak sortutako tentsioa batuta, bakarkako lehen finalaren ateetan ziren biak ala biak -Peñak jokatua du bat binaka-, lehia erabat klaustrofobikoa izan zen zulorik topatu ezinean aritu ziren bi pilotarientzat.

DESGASTE HANDIA

Pilotek ere beste egun batzuetakoak baino motelagoak ziruditen eta lehen erdi luze horretan apenas egon zen takada aipagarririk. Kosta egin zitzaien biei euren sakea defendatzea eta, hortaz, baita markagailuan zuloak irekitzea ere. Peio Etxeberria izan zen denborarik gehien markagailuan aurretik, baina alde handirik gabe, jokoari zein markagailuari dagokionez.

Gauzak horrela, lehen atsedenaldi luzera ultzamarra heldu zen aurretik (10-12) eta aldagelatik bueltan alde hori zabaltzea ere lortu zuen, hein handi batean sakean, zuzenean ez bazen, sake-errematean gehiago asmatuta (10-15). Partidaren lehen txanpa horren gogorra eta erasoko bi pilotari izanda, bien defentsa gaitasunak ere behera egin zuen eta bigarren erdian tantoak askoz laburragoak izan ziren. Horrek mesede egin zion nafarrari.

OSOAGO AZKENALDERA

Izan zuen garesti ordaindu zezakeen akatsen bat, 11-15eko sake falta esaterako, baina orokorrean aurkaria baino osoago amaitu zuen partida Zenotzekoak. Errestoan ez zion Peñari ezkerrez airez sartzeko apenas aukerarik eman eta Aspekoak bere eskuina nagusitu zuen, aurkaria oraindik ere dezente sufritzen duen kontrakantxara bultzatuz.

Gorputzari ere buelta hobeto eman izanaren itxura eman zuen eta, markagailua alde zuela hartutako lasaituarekin, jokoaren alor guztietan nagusituta lortu zuen garaipena.



Erabat hunkituta, etxekoei eskainia

Hunkituta, malkoei eutsi ezinik, etxekoak izan zituen gogoan Peio Etxeberriak bere lehen finalerako txartela poltsikoratu eta berehala. «Hau emozio ikaragarria da, gauza asko etortzen zaizkit burura, batez ere familia. Hor egongo dira etxean ama, nire txikitxoa, emaztea, aitona... hau denentzat da», adierazi zuen ultzamarrak. Bizitzak trago txar ugari eskaini dizkio, esaterako 15 urte zituela galdu zuen aita ezustean eta etxeko aziendaren kargu egin behar izan zuen, eta oraintxe gozatzeko uneak ere ekarri dizkiola dirudi.

Asko zegoen jokoan eta tentsio horrek lotuta aritu zela onartu zuen Aspeko aurrelariak. «Partida oso zaila izan da, oso gogorra eta tentsio handikoa. Lehen erdira arte oso lotuta aritu naiz, bietako inork ere ez genuen tantoa amaitzeko jokaldirik egiteko modurik aurkitzen eta, zorionez, nik abantailatxo bat hartzea lortu dut eta alde horri esker lortu dut garaipena», gaineratu zuen.

Txanpon beraren beste aldea zen Jon Ander Peña, baina finalera heldu ezin izanaren penari beste sentimendu bat ere gehituta. «Nirea eman izanarena, huts egin badut, berak eraso egin didalako izan da. Nik uste, bigarren partean batez ere, ni baino gehiago izan dela eta zorionak ematea geratzen zait. Hasiera oso-oso gogorra izan da, eskerrak goiz bazkalduta etorri naizen, bestela denak botako nituen», gaineratu zuen tolosarrak, umore punturik galdu gabe. J.O.