Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
LEHEN MAILA

Nagusi izan da Alaves, eta urrezko hiru puntu lortu ditu

Zazpi partida irabazi gabe egon ostean, babazorroek lortu dute merezitako garaipena. Almeria baino gehiago izan da Alaves. Balio handiko garaipena eskuratu dute, jaitsiera postuetatik aldendu baitira.

Alaveseko jokalariak atzoko garaipenaren gola ospatzen, Mendizorrotzan.
Alaveseko jokalariak atzoko garaipenaren gola ospatzen, Mendizorrotzan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arnasa hartu zuen atzo Alavesek Mendizorrotzan. Urrezko hiru puntu lortu zituen Almeria aurkari zuzenaren aurka 1-0 irabazita. Orain, bost puntura ditu jaitsiera postuak. Zazpi neurketa irabazi gabe egon ostean, babazorroek lortu zuten merezitako garaipena. Distira handirik gabeko partida egin zuten arren, Gaizka Garitanoren taldea baino gehiago izan ziren.

Lehen zatiko aurreneko minutuetan, ohi bezala, asko estutu zuten babazorroek. Luis Riojak eta Javi Lopezek bikote ederra osatu zuten ezker hegaletik, eta bertatik etorri ziren eguneko jokaldi onenak. 10. minutuan ondo josi zuten jokaldia ezker hegaletik Riojak, Lopezek eta Guridirik, eta ezker hegaleko atzelariak egindako erdiraketa Almeriako atzelariak alboratu zuen. 19. minutuan Ander Guevara batu zen ekuaziora, eta Riojak Kike Garciari egindako erdiraketa kanpora bidali zuen aurkariak. Hamar minutu geroago etorri zen hirugarren erdiraketa ezker hegaletik, baina Alaveseko aurrelariak ez zuen asmatu errematean, eta kanpora joan zitzaion jaurtiketa.

Blanco Alaveseko erdilaria izan zen lehen zatiko protagonistetako bat, gertu izan baitzuen hirutan gola, urrunetik egindako jaurtiketetan. Hirugarrenean asmatzen ohi dela esaten da. Bada, 40. minutuan gogor jo zion baloiari area kanpotik, baina atezainak alboratu zuen baloia.

HAGIK, PENALTIA HUTS

Lehen zatiaren amaieran izan zuten babazorroek abagune paregabea aurretik jartzeko markagailuan. Epailea VAR-a ikuskatzera joan baitzen penaltia egon ote den ala ez erabakitzeko. Baietz ebatzi zuen, eta Hagik hartu zuen ardura hamaika metroetatik jaurtitzeko. Baloia sareetara bota ordez, harmailetara joan zen. Berdinduta iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, Almeriak ez zuen lortu estu hartzea etxeko atezaina. Babazorroek, bai, ordea, bisitariena. 58. minutuan, berriro ere ezker hegaletik, Kike Garcia gertu egon zen gola egiteko, baina Luis Maximianok saihestu zuen etxekoen lehen gola. Etxekoen ahaleginak saria izan zuen 78. minutuan. Alboko sake baten ostean, jokaldia nahasi egin zen, zenbait alboratze tarteko, eta baloia Sedlarri iritsi zitzaion. Serbiarrak ez zuen hutsik egin. Bukaeran, arabarrek ez zuten gehiegi sufritu hiru puntuak eramateko.



«Merezitako garaipena»

Lehia osteko prentsaurrekoan Garcia Plazak adierazi zuen «merezitako garaipena» lortu zutela, eta markagailuari begira, pixka bat «eskasa». «Arraroa» izan baitzen atsedenaldira hutsean joatea. Gola sartzea kosta egiten zaiela esan zuen prestatzaileak: «Beste bertute batzuk ditugu, ez dugu golegilerik, eta hori konpondu beharko dugu ondo jokatuz eta lehiatuz. Horretan, taldeak hamarreko bat du».

Horrez gain, Alaveseko entrenatzaileak nabarmendu zuen huts egindako penaltiaren ondoren, «kostatu» egin zitzaiela martxa hartzea: «Beheraka joan gara, eta bizitasun handia ematen diguten bi jokalari atera ditugu -Abde eta Samu Omorodion-. Asko sufrituko dugu sasoi honetan». Bigarren zatian partida orekatu egin zen, eta horren inguruan Garcia Plazak adierazi zuen «oso zaila» dela 90 minutuetan nagusi izatea: «Sentsazioei buruz hitz egiten dugu beti, baina azkenean garrantzia puntuek dute. Denok bat gatoz beti bete-betean egon garela partidetan. Talde honek lan asko egiten du, eta aurpegia ematen du». Z.I.S.