Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Olatu handietako irudien lehiaketa berria: New Big Wave Challenge

Olatu handietako irudien txapelketa itzuli da. Nathan Florence eta Justine Dupont izan dira lehen aldiz burutu den The New Big Wave Challenge lehiaketako protagonistak. Lehengo XXL izendapenen antzeko txapelketa da, eredu bera, baina apalagoa.

Justine Dupont frantsesa Kaliforniako olatu erraldoi batean.
Justine Dupont frantsesa Kaliforniako olatu erraldoi batean. (BIGWAVECHALLENGE.COM)

 

Hiru urteko hutsunearen ostean olatu handietako irudien txapelketa itzuli da. Ez da lehengo XXL izendapenak bezain indartsua, baina eredua berbera da, martxotik martxora, 12 hilabeteko tartean hartutako irudiak hautatzen dira eta finalistak izendatzen dira. Horrela, Nathan Florence eta Justine Dupont izan dira lehen aldiz burutu den The New Big Wave Challenge lehiaketako protagonistak.

«Olatu handietako surfak plataforma berri bat du berriz ere surflari eta ikusleak batzeko», nabarmendu zuen The New Big Wave Challenge izendapenaren sortzaileak, Bill Sharpek, urriaren 30ean Nazaren egin zen ekitaldian.

Justine Dupontek urteko “olatu handiena”, “ongien surfeatutako olatua” eta “urteko surflaria” sariak irabazi zituen nesken kategorian. “100 Foot Wave” izeneko dokumentala egiten ari zirela Kaliforniako Cortes Bank urautsian moto baten laguntzaz hartutako olatu erraldoiari esker jaso zituen sari nagusiak surflari frantsesak. Adituen arabera, Dupontek hartutako olatuak 17 metro zituen (75 oin) eta Guinness errekorretan sar daiteke.


Gizonezkoen kategorian Nathan Florencek bi sari jaso zituen, iazko neguan Irlanda mendebaldean dagoen Mullaghmore urautsian hartutako olatu beldurgarri bati esker. Arraun eginaz hartu zuen ezker olatuan itzelezko tuboa egin zuen hawaiiarrak, eta horri esker, “ongien surfeatutako olatua” eta “urteko surflaria” sariak jaso zituen.

Epaimahaia 200 adituk osatzen zuten eta bozketak sekretuak ziren. “Olatu handiena” saria Nic Von Rupp eta Shaun Walsh surflariek irabazi zuten berdinduta, Nazaren eta Pe’ahin hartutako olatuekin.
 Arraun eginda hartutako olatuen saria Chacha Ibarrak eta Laura Eneverek irabazi zuten, Chileko Punta Lobos urautsian hartutako olatu batekin eta Hawaiiko Oahu uhartean hartutako ezker olatu batekin.

Olatu handietako surflari gazteenaren saria Ned Hart australiarrak jaso zuen, iaz, 16 urterekin, Tasmaniako Shipsterns urautsian hartu zuen olatu bati esker. Egun berean hartutako olatu bategatik jaso zuen “urteko erorketa” saria Danny Griffiths surflariak.

WSL Big Wave Challenge lehiaketak 2018. urtera arte egiten zen Billabong XXL izendapenak ditu eredu. Haien ostean antzeko beste zenbait txapelketa egin izan dira, esaterako “Red Bull WSL Big Wave Awards” txapelketa, baina azken hiru urteetan ez da deus izan eta lehiaketa berria hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu da; hori bai, askoz ere apalagoa da, besteak beste, ez baitu babeslerik.

 

XXL IZENDAPENAK

Lehen aldiz 2000. urtean hasi ziren mundu guztian zehar hartutako olatu handietako irudiak saritzen, eta arrakasta handia izan zuen ekimenak. «surfaren oscar sariak» bezala aurkeztu zituzten, horregatik sari banaketa ekitaldia luxuzko giro batean egiten zen, hollywooden bezala. irabazleen artean 350.000 dolar amerikar banatzen ziren.

Bi itzulik osatzen zuten olatu handietako imajinen lehiaketa ospetsua. Lehen itzulian, 250 epailek jasotako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen zituzten, eta jarraian, bigarren itzulian, finalean zeintzuk izango ziren erabakitzen zuten. Finalerako hautagaiak Los Angelesen edo Huntington Beachen egin ohi zen ekitaldira gonbidatzen zituzten, eta ekitaldian bertan ematen zituzten aditzera irabazleen izenak. Beraz, lehenik irudietako protagonistak izendatzen ziren eta gero irabazleak hautatzen ziren.

Urte sasoia martxoan hasten zen, hilaren 20an irekitzen zen irudiak igortzeko epea, eta hurrengo urteko martxoaren 20an amaitzen zen. Eredu hori ez da aldatu, kategoriak ia berberak dira, baina egungo txapelketa apalagoa da, ez du babesle nagusirik eta sari banaketa ekitaldia askoz ere xumeagoa da, handikeriarik gabe eta diru-sari apalagoekin.

XXL izendapenetarako lehen hautagai europarrak Ibon Amatriain hernaniarra eta Mikel Agote oriotarra izan ziren, 2006. urtean. Tow-in kategorian lortu zuten izendapena, Planeixan hartu zuten olatu erraldoi bati esker. 2007an berriro jaso zuen hautagaitza bikote gipuzkoarrak, orduko horretan, Igeldo inguruan dagoen Agitiko olatu arriskutsuan lortu zituzten irudi ikusgarriei esker.

Hautagai euskaldun asko izan zen 2009an. Aritza Saratxaga sopelarra (Isla Panchako olatu bat), Oier Illarramendi (Izuztarriko olatuan), Ibon Amatriain eta Mikel Agote izan ziren izendatuak, baina ez ziren finalerako hautatuak izan. Ordea, urte berean Axi Muniain zarauztarrak lehen fasea gainditu eta bi modalitatetan (tow-in eta arraun eginda) finalera iristea lortu zuen Urruñako Belharra urautsian hartutako olatuei esker. Gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen munduko lehen lehiakidea zen.

Bost bider izan da final handirako sailkatua surflari zarauztarra. 2009ko bi izendapenez gain, Agitin (Igeldo) hartutako olatu bati esker, sailkatua izan zen 2011/2012 denboraldian.

Hurrengo denboraldian, Nazareko olatu batean izan zuen erorketa bategatik izendatu zuten, eta 2014/2015 denboraldian Planeixan (Getaria) arraun eginda hartutako olatu bategatik.

Euskal Surflariez gain, euskal urautsiak ere ezagunak dira olatu handietako izendapenetan. Adibidez, Gautier Garanx surflariak 2013ko abenduan Belharran hartutako olatua izan zen garaile “olatu handiena” kategorian.