Surflari ERNEGATUA

XXL abenturak

Olatu handietako irudien txapelketa itzuli dela dirudi, askoz ere apalagoa eta babeslerik gabe, baina hala ere ikusmina sortu du. Pasa den hamarkadan itzelezko ospea zuten XXL sarien antzekoa da eta, atzera begira, euskal surflariak olatu handietan ezagutzera eman ziren garaiak oroitzeko aitzakia paregabea izan daiteke.

Ez dira bidea ireki zuten lehen surflariak ahaztu behar, baina zalantzarik gabe Axi Muniain da olatu handietan ezagunena den mundu mailako euskal surflaria. Izendapen gehien berak eskuratu zituen XXL sarietan, bi kategoria desberdinetan finalera iristen lehena izan zen munduan, eta, horretarako, pentsaezinak ziren hainbat muga gainditu behar izan zituen. Esaterako, Belharran arraun eginaz olatu bat hartzen lehena izan zen. Bertako surflariek ere ez zuten uste halako zerbait posible zenik, eta Muniain taulari burdin puska batzuk atxikita itsasoratzen ikusi zutenean, ziur aski erotzat hartu zuten, baina zarauztarrak lortu zuen eta, ia ustekabean, olatu handietako surfa beste maila batera igo zuen.

Nire ustez Muniainek olatu handietako surfari egin dion ekarpena ez da behar bezala baloratu. Ezinezkoak ziruditen olatuetan surf egin du, bere esperientzia gazteagoekin partekatu du, munduko surflari hoberenen errespetua irabazi du Nazaren eta guztia oso baliabide gutxirekin egin du.

Baina lorpenez harago, bada Axik duen beste ezaugarri garrantzitsu bat, nortasuna. Ez du inoiz ahazten nondik datorren eta musu-truk euskal enbaxadore lanak egiten ditu munduko urautsi arriskutsuenetan. Zorionekoak gara euskal surflariak, ordezkari bikaina baitugu munduan.

«Gure trikitilariak» izenburua zuen zutabe bat idatzi nuen hemen bertan 2017ko maiatzaren batean. Trikitia eta surfa uztartuz, Axi XXLko sari banaketara Los Angelesera joan zenekoa kontatzen nuen. Elkarrizketa polit bat ere egin nion Info7 irratian, baina albiste hura topatu dudan arren, ez dago gehiago entzungai sarean. Ordea, bada bideo bat Axik Belharran egin zuena erakusten duena, baina batez ere Los Angelesen izan zituen abenturak azaltzen dituena. “Axi & friends in Billabong XXL 2009” izena du film laburrak, eta Vimeon dago, “Manet310” kanalean. Merezi du ikustea, ziur aski zutabe honetan inoiz gomendatu dizuedan ikusgarririk hoberena da.

Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen “Maite zaitut” abestiarekin hasten da eta larrugorri komuneko tazan kaka egiten ari dela amaitzen da. Tartean denetik dago, Belharrako olatua hartzeko asmatu zuen burdinazko sistema nola muntatzen duen, Los Angelesera bidaia, ardi bat alokatzeko saiakerak, mozkortzen den lagunarekin duen eztabaida, baserritar jantzita eta lepoan ikurrina duela kamera anglosaxoien aurrean egiten dituen elkarrizketak eta sari banaketako «showa». Bazirudien berak irabazi zuela. Hasieratik amaiera arte, maisu lana da Manetok ekoiztutako bideoa, baina zati bat hautatu beharko banu, komunikabide estatubatuar bateko aurkezleak baserritar jantzita zergatik dagoen galdetzen dionean Axik erantzuten duen unea da: «It’s typical of Basque Country».