AITOR AGIRREZABAL
IRUÑEA

Euskalerria Irratiak iragana ospatu eta «salto handi bat» emanen du

Euskalerria Irratiak 35 urte betetzen ditu gaur. 1988ko azaroaren 7an egin zituen lehendabiziko emankizunak eta urteurrena «salto handi bat emanez» ospatu nahi dute. Euskara eta komunitatea izan ditu ardatz proiektuak hamarkada hauetan.

Juan Kruz Lakasta, artxiboko irudian.
Juan Kruz Lakasta, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lizentzia lortzeko borrokak markatu du urte luzez irratiaren nondik norakoa. Orain, lizentzia eskuan, 35. urteurrena ospatuko dute. Hala baieztatu dio GARAri Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko koordinatzaileak. «Gauza handia da Euskalerria Irratia izatea Iruñean ez irrati bat soilik, baizik eta proiektu komunikatibo bizi eta sendo bat. Denon artean lortu dugu eta denon artean ospatu behar dugu».

Izan ere, badago zer ospatu. Atzera begira, lizentziarik gabeko urte haiek gogoan ditu Lakastak, ilunetik asko dutenak, baina baita argiak ere. «Nafarroako Gobernu erregionalista horren itxikeriak kalte egin zigun, baina mesede ere bai. Onartezina da euskaldunekiko bazterketa hori; argi dago irizpide soziolinguistiko batzuen arabera egin zituztela, sozializazio erreferente bat izan ez zezaten haurrek. Baina, aldi berean, baditu bere zehar-onurak. Eraso horren indarra, erresilientziaren bitartez, erabili ahal izan genuen oso proiektu berezi bat gauzatu ahal izateko». Egun 200 kolaboratzaile ditu irratiak, komunitate zabal bat osatuz. Eta bazterkeria horrek horretan ere lagundu du, bere ustez. Lakastak Gorka Urbizu musikariari egindako elkarrizketa bat dauka gogoan, zeinean Lekunberrikoak esaten zuen UPNri eskertu behar geniokeela euskararen alde egin duen guztia; izan ere, haiek musika euskaraz egitea erabaki zuten hein handi batean UPNri aurre egiteko. «Hortik ere badu gure irratiaren historiak». 2016an, borroka judizial luze baten ostean, lizentzia lortu zuen Euskalerria Irratiak eta «garaipen» horrek suposatu zuenaren balioa nabarmentzen du irratiko koordinatzaileak. «Nafarroako Gobernua hirutan garaitu genuen, espainiar Auzitegi Gorenean. Meritu itzela dauka».

Horrek hegoak eman zizkion proiektuari. Azken zazpi urteetan azpiegitura teknikoak eta estudioa berritu dituzte.

Giza baliabideei dagokienez ere, «lantaldearen soldatak duindu, lantaldea indartu, proiektu honen alde hainbeste eman duten horien lan-baldintzak hobetzea» ahalbidetu du lizentzia izateak. «Muturreko lan-baldintzetan lan egin izan da, soldatari dagokionez. Jendeak bazituen beste lan aukerak, baina lantaldeko kideek erabaki zuten proiektu hau aurrera ateratzea eta orain, ikaragarrikeriarik gabe, duindu ditugu soldatak. Beste mugarri bat izan da irratiaren historian».

OSPAKIZUN FESTA

Gaur ospatuko dute urteurrena, Iruñeko Zentral aretoan, 19.00etatik aurrera. Euskalerria Irratiko komunitate zabala bilduko dute, langile, bazkide, kolaboratzaile eta babesleekin. Hitza eta musika izango ditu ardatz, Anari, Ibil Bedi eta Raimundo el Canastero-ren eskutik.

Gaurkoa, lortutakoa ospatzeko jaia izango da, baina baita proiektua etorkizunera begira jartzekoa ere. «Datozen 12 hilabeteetan Euskalerria Irratiak salto handi bat emanen du azpiegituretan eta bere proiektua beste leku batean kokatuko du», baieztatu du Lakastak. 35. urteurreneko denboraldi honetan «gauza asko» eginen dituztela iragarri du, «saioak Iruñerriko hainbat udalerritan, Nafarroa osoko udaletan eta horretaz gain irratia beste leku batean kokatuko duen jauzi bat eginen dugu, azken hamarkadetako handiena Euskalerria Irratiarentzat».