GARA
BAIONA

Marieniako lurrei buruzko elkarrizketa abiatzea eskatu dute ELBk eta Lurzaindiak

Bouygues taldeak Kanbon sustaturiko higiezinen egitasmoari aurre egiteagatik, lau lagun atzeman zituzten Lapurdin astearte goizean. ELBk eta Lurzaindiak Poliziaren operazioa salatu eta Kanboko Marieniako lurren inguruko solasaldia hastea galdegin zuten.

Berrehun bat pertsonek Kanbon elkarretaratzea egin zuten astearte iluntzean.
Berrehun bat pertsonek Kanbon elkarretaratzea egin zuten astearte iluntzean. (Patxi BELTZAIZ)

Filipe Laskarai, Janine Beyrie, Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu astearte goizeko 6.00etan esnarazi zituen Polizia frantsesak. Baionako komisariara eraman zituzten. Ordu batzuk han atxilo izan ondoren, aske gelditu ziren, martxoaren 12an egitekoa den auziaren zain.

Poliziaren operazio horrek Kanbon Bouygues taldeak sustatzen duen Marieniako higiezinen egitasmoa erdigunean ezarri du berriz ere. Enpresak 94 etxebizitza egiteko asmoa du, Kanboko Herriko Etxearen sostenguarekin.

Horietatik batzuk etxebizitza sozialak direla argudiatu du tokiko erakundeak, laborantzako lur horiei bestelako erabilera bat emateko.

OSTIA SAREA

Lau herritarren aurkako jazarpena salatzearekin batera, espekulazioari aurre egiteko sorturiko Ostia plataforma horren barnean jarduten duten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak argi dute Marieniako auziari konponbidea emateko garaia dela, eta horretarako «solasaldiak behar direla ireki». Atxiloketak salatzearren, astearte iluntzean elkarretaratzea egin zuten Kanbon eta, aldi berean, higiezinen egitasmo horren ondorioen gaineko oharra irakurri zuten.

‘‘Marienia ez hunki!’’ aldarrikapena goratu zuten kanboarrek beste behin. ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak agiri baten bidez oroitarazi zutenez, «gure bi egiturek lurren espekulazioaren kontra egin zuten Arbonako okupazioaren biharamunean sortu zen Ostia sarea». 2021. urtean, 79 egunez luzatu zen okupazioari esker, Berrueta bidean kokaturiko etxaldea prezio espekulatiboan saltzeko operazioa geldiarazi zen. Kolektiboa «erregularki gurekin mobilizatzen da, espekulazioa eta laborantza lurren artifizializazioa salatzeko, bai eta etxebizitza eskubideen defenditzeko ere», esan zuten.

Bi eragile horien esanetan, «Ostia sarearen militanteak baitezpadako sostenguak dira laborantzaren aldeko borrokentzat, Euskal Herrian baldintza duinetan bizi eta lan egitea defendatzeko».

Euskal Herriko dinamikak soilik ez, Hexagonoan «azpiegitura suntsitzaileak eta alferrikakoak» salatzeko indarrean diren beste hainbat dinamika sostengatu zituen sareak. Hala, Soulevements de la Terre babestu dute Emmanuel Macronen Gobernuak kolektibo hori legez kanpo uzteko saiakeren aurrean eta, berriki, A69 autobidea luzatzeko proiektuari aurre egiten dioten Okzitaniako elkarteei sostengua helarazi zieten. «Gogorki salatzen dugu gure sareko militanteak beldurrarazi eta erreprimitzeko helburua duten polizia interbentzio horien bortizkeria. Era berean, enpresa pribatu handi baten maketa bat defendatzeko autoritate frantsesek plantan ezarritako errepresio medioen desproportzioa deitoratzen dugu», adierazi zuten ELBk eta Lurzaindiak.

LURRA ETA ETXEBIZITZA

«Ilegalki etxebizitzak laborantza lurren gainean eraiki nahi dituen multinazional baten aurrean begiak hesteko» Estatuak harturiko jokabidearekin alderatu zuten espekulazioaren aurka borrokatzen duten eragileen aurka Poliziak buruturiko operazioa.

«Gobernuak bere baliabideak interes pribatuaren mesedetan ezartzeko hautua egin du, ondare kolektiboek jasandako erasoen kontra jokatu ordez», salatu zuten.

Izan ere, laborantza lurren defentsan jarduten duten aipaturiko eragileek ohartarazi zutenez, «lurra eta etxebizitza eskubideak aspaldian bultzatutako borrokak dira Euskal Herrian, eta ez dira konponduko militanteen etxeetan eginiko polizia interbentzioekin».



«Maketarengatik hainbeste medio mobilizatzeak ez du funtsik»

Jakes Bortairu eta bere bikotekidea Baionan atzeman zituzten. NAIZ irratian kontatu zuenez, «lasai joan zen». Baina Kanbon eta Itsasuko atxiloketetan Poliziak «agresibitate handiagoa» erabili zuen. Bortairuk esan zuen etxebizitzak behar direla; «hori inork ez du dudan ematen, baina ez eremu horretan, laborantzako eremua delako, biziki eremu interesgarria eta ongi kokatua». Haren ustez, «Kanbon bertan bada hainbat eremu, non eraikitzen ahal diren etxebizitzak, edo etxe zaharrak berritu, etxe huts franko baitira. Etxebizitzari aterabideak emateko badira beste hainbat aukera, laborantza lurra artifizializatu gabe». Errepresioaren inguruko hausnarketa ere egin zuen: «Gaur egun bada Estatu frantsesean giro bat, errepresioa emendatzeko mugimendu sozialen eta ekologisten aurka. Isunak handitu dira, manifestarien aurkako bortizkeria ere bai... Haiek ere konturatzen dira afera franko ttipia dela, maketa bat andeatzeagatik hainbeste medio mobilizatzeak ez duela zentzurik, ez eta funtsik ere».