GARA
PARIS

Goienetxearen baldintzapeko askatasuna onartu du Auzitegiak

Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Xabier Goienetxearen baldintzapeko askatasuna onartu zuen atzo, Bake Bideak ezagutarazi zuenez. Goienetxea oreretarra preso dago Lannemezanen. Bake Bideak ohar batean azaldu zuenez, auzitegiaren erabakia «testuinguru berezi batean» gertatu da, izan ere, nahiz eta PNAT Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak erabakiari helegitea jartzeko aukera duen, epaiketa egunean baldintzapeko askatasuna onartzearen alde agertu zen, erabaki horrek «desordena publikoak» eragiteko arriskua ez zuela areagotuko nabarmenduta.

Bake Bidearen iritziz, Fiskaltzaren «jarrera aldaketa horrek» erakusten du «Euskal Herriko testuinguru politikoa kontuan hartzen duela, gaur arte baldintzapeko askatasunen onarpenaren kontra agertu delako beti».

«Erabaki honek preso, iheslari eta gatazkaren ondorio guztien tratamendu orokorrari ateak ireki behar dizkio», adierazi zuen elkarte horrek. Estatu frantsesari eta espainolari dei egin die, «bake prozesuan aktiboki» engaiatu daitezen.

Baldintzapeko askatasuna onartuta, Goienetxeak aske behar luke datozen ordu edo egunetan. 2015eko uztailaren 7an atxilotu zuten Ortzaizen, Nafarroa Beherean, Iñaki Retarekin batera, ETAren armagabetzeari begirako lanetan ari zirela.

Polizia frantsesak eta Guardia Zibilak elkarlanean burutu zuten operazio hura. Etxearen bi jabeak atzeman zituzten ordu batzuk geroago, Meff Mateo eta Terexa Lekunberri; eta handik bi egunetara atxilotu zuten Grazi Etxebehere Ortzaizen.