GARA
DONOSTIA

Zaporeak elkarteak 30.000 kilo elikagai bidali ditu Lesbosera

Zaporeak elkarteak atzo zabaldutako ohar batean dierazi zuenez, «asilo eskatzaile asko iristen ari dira Lesbosera, eta soilik bi hilabetetan ikusi dugu kanpamentuko biztanleria 2.000 pertsonatik gora handitu dela». Hara 30.000 kilo elikagai bidaltzea lortu dute.

Zaporeak elkarteak bidalitako kontainerra.
Zaporeak elkarteak bidalitako kontainerra. (ZAPOREAK)

Zaporeak elkarteak 30.000 kilo elikagai bidali ditu Lesbosera kontainer batean.

Ohar batean azaldu zuenez, «Olaran Ikastetxe Nagusiak eta Fagor, Kaiku edo Pedro Luis enpresek emandako arroz pakete, litro esne, kilo pasta, edredoi bakoitzak... Hotz Oñatik edo Elikagaien Bankuetako gure lankideek, La Pamplonesaren kontzertu solidarioek, Eresmin Abesbatzak eta beste hainbatek bildutakoetara hurbildu den pertsona bakoitzak… honek guztiak laguntzen digu, Zaporeak elkarteak egunero lanean jarraitu ahal izateko, kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzen saiatzeko eta egunero gerratik ihes egiten duten milaka lagunentzat beharrezkoa den baina nahikoa ez den 2.500 janari anoa prestatzen jarraitzeko».

Laguntza beharrezkoa dela adierazi zuen, hilabeteak baitaramatza adierazten Greziako migrazio egoera egunero larriagotzen ari dela. «Asilo eskatzaile asko iristen ari dira. Bi hilabetetan ikusi dugu Lesboseko kanpamentuko biztanleria 2.000 pertsonatik gora handitu dela; hau da, azaroko bigarren astean 5.000 pertsona baino gehiago bizi dira Kara Teseko kanpamentuan. Egun bakar batean, azaroaren 1ean, sei patera iritsi ziren, guztira 210 pertsonarekin».

«Egoera jasanezina da. Maiatzean esan genuen gure sukalde muga gainditu eta 2.000 erraziora iritsi behar izan genuela. Baina orain bi aste baino gehiago daramatzagu egunero 2.500 anoa prestatzen. Hala eta guztiz ere, gure boluntarioek banaketako furgoneta husten dutenean eta erraziorik geratzen ez denean, ilara bat dago ehunka errefuxiaturekin, eta ezin dugu haiengana iritsi», azaldu zuen.