GARA
HERNANI

Langile ikastolan jangela kudeatzen duen enpresaren kontra agertu dira gurasoak

Hernaniko Langile ikastolako ikasleen gurasoek Lakuako Hezkuntza Sailari eskatu diote eten dezala Serunion enpresarekin duen kontratua. Ez daude ados eskaintzen duen jangela zerbitzuarekin.

Elkarretaratzea egin zuten atzo Hernanin.
Elkarretaratzea egin zuten atzo Hernanin. (GARA)

Hernaniko Langile ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoek jangela zerbitzua ematen duen Serunion enpresaren jarduteko modua salatu zuten atzo, herrian egindako elkarretaratze baten bidez, eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari enpresarekin duen kontratua eten dezala eskatu zioten. Protestan esplikatu zutenez, joan den ostiralean har bat agertu zen haur baten platerean, baina hori «eredu oso baten isla» besterik ez dela ohartarazi zuten.

Azaroaren 2az geroztik arduratzen da Serunion Hernaniko ikastola honetako jangela zerbitzua kudeatzeaz, eta joan den ostiralean Lakuako Gobernuaren mezu bat jaso zuten jangelan, lehen platera, babarrunak, ez zerbitzatzeko abisuarekin. Beranduegi iritsi zen mezua: «Ez zuen denborarik eman begiraleek janari kaltetua jan ez zezaten», azaldu zuten ikasleen gurasoek prentsari igorritako ohar batean.

«Gure haurrek arrainarekin zetorren entsalada, postrea eta ogia baino ez zituzten jan, badaezpada ere», kontatu zuten.

Azkenean, umeetako baten platerean har bat agertzeak sutu ditu gurasoak, eta egoera aldatzeko antolatzera bultzatu.

«Onartezina deritzogu, gure seme-alaben, eta haiek zaintzen dituztenen elikadura ez da jolas bat», agertu zuten, haserre, oharrean.

Azaldu zutenez, Serunion enpresak eskaintzen dituen elikagaiak «makroenpresen» esku daude eta ez ditu bertako produktuak ematen. Gurasoak eredu honen alde ez badaude ere, «inposatu» egin dietela nabarmendu zuten. «Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura. Zein prezio jarri diote gure haurren osasunari? Zenbat diru aurreztu nahi da, Basque Culynari Centerren gastatu ahal izateko?», galdetu zuten.

Gogora ekarri zuten, halaber, haur askorentzat jangela zerbitzua «aukera bakarra» dela, ez dela «aukerakoa edo pribilegio bat», eta eskaintzen den zerbitzuak «kalitatezkoa eta osasungarria» izan behar duela. Ez da horrela gertatzen Serunionekin, ikastolako haurren gurasoen esanetan.

Hori dela eta, Lakuako Hezkuntza Sailarengana zuzendu zuten atzo beren mezua, Hernanin elkartuta, eskatzeko Serunionekin duen kontratua «berandu gabe» eten dezala eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea ahalbidetu dezala. «Langile ikastolak, EAEko Gobernuak baino lehenagotik funtzionatzen duenak, gure haurren elikagaiei buruzko eredu propio bat landu nahi du, Eusko Jaurlaritzaren zailtasun eta trabarik gabe. Utz iezaguzue erabakitzen, utz iezaguzue egiten», aldarrikatu zuten.

Horrela, gurasoek erabaki bat hartu dute: gaur, astelehenarekin, beraiek arduratuko dira jangela zerbitzuaz, haur guztiek «janari duin eta osasungarria» izan dezaten.

«Ez dugu Serunioneko janaririk jango. Seriunioni ozen esan nahi diogu, ez itzazue zuen urrutiko kamioiak bihar ekarri», adierazi zuten atzoko prentsa oharrean.

LANGILEEKIN ELKARTASUNA.

Ikastolako umeen gurasoek argi utzi nahi izan zuten jangelako beharginek ez dutela auzi honetan inongo ardurarik; kontrara, eskerrak eman zizkieten, eta babesa adierazi, «gertaerarekin eduki duten profesionaltasun eta erantzun azkarragatik».

Kritikatu zuten jangelako lanpostuak feminizatuak eta prekarizatuak direla, eta berretsi, haurren hezkuntzaren «atal oso garrantzitsu bat» betetzen dutela.