Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren antzekotasunak

Erne egoteko gaia da kantuen arteko antzekotasuna. Maiz eufemismo hutsa da. Kopia, plagio, leloen sampleoa eta horrelakoekin kontu handiz ibili behar da. Egokiena baimena eskatzea da, kantuaren egileari edo edizioguneari. Abesti bat erabili nahi bada telebistan edo iragarki batean, sinkronizazio eskubideak ordainduta egin daiteke, eskubideak negoziatu ondoren.

Iragarki askotan jatorrizko abestien bertsioak entzun ohi dira, merkeagoa baita. Jatorrizko abestiarekin supituki lotuko du entzuleak, itsaskorra eta ezaguna delako, baina baimen, sinkronizazio edo egile eskubideaz ez dakien entzuleak bere buruari galdetuko dio zergatik ez duten sartu artista ospetsu horren jatorrizko abestia. Diruagatik. Artista ospetsuaren abestiarengatik eskubideak kudeatzen dituen bulegoak dirutza eskatu ohi duelako. Sampler bat egiteko ere baimena eskatu behar da.

Euskal Herrian abestien arteko antzekotasunarengatik gutxitan amaitu da justizia jauregian, garestia da-eta salatzailearentzat eta salatuarentzat. Ez du merezi. Baina, egile eskubideak urratzeagatik, AEBetan izugarrizko dirutzak ordaintzen dira. Puff Daddy rap zaleak The Police taldeko Sting-i 47 milioi dollar ordaindu dizkio, oraingoz, “Every Breath You Take” abestia sampleatzeagatik 1997an “I'll Be Missing You” kantuan.