ALAIA SIERRA
DONOSTIA

«Biziaroak», atzo, gaur eta biharko euskal kultura «hobeki ezagutzeko» Xamar-en lana

Juan Carlos Etxegoien, «Xamar».
Juan Carlos Etxegoien, «Xamar». (Andoni CANELLADA | FOKU)

Duela ez hainbesteko kultura sozialeko erritual, ohitura eta ospakizunen bidez, gaur egungo Euskal Herriko kultura «hobeki ulertzeko» eta «etorkizunean zer egin behar dugun ulertzeko» helburuarekin idatzi du Xamar-ek, Juan Carlos Etxegoienek, “Biziaroak” lan berria.

Atzo, Jose Angel Irigaray idazlearekin batera, Donostian aurkeztu zuen liburua idazle nafarrak. Irigarayk egileak kontatzen duenaren ulergarritasuna nabarmendu zuen, idazteko moduak eta irudiek lagunduta, ez delako «idorra».

Gaur egun tradizio gisa ditugun usadioak garai batean modak eta momentuko kultura zela erakusteko, heriotza- errituetan ehun pertsona baino gehiago elkartzen ziren garaia aipatu du idazleak, trikitrixa XIX. mendean Italiatik etorritako musika-tresna dela azaldu zuen eta gizonak txapelak janzten hasi ziren momentuan zaharrek zer pentsatu ote zuten galdetu zion bere buruari.

Hala ere, «gauza oso interesgarriak» historian zehar «galdu» direla deitoratu zuen Xamar-ek, «herri honek iraun badu tematu delako» izan dela ziurtatuz.

Editorialaren lana nabarmendu zuen aurkezpenean eta, bide batez, salmentek erakusten dutela Euskal Herriko historia eta etnografiarekiko «interes bat dagoela» eta jendeak «ez duela interesa tesi doktoralak irakurtzeko».

«Egin ohi duen gisan, aldikal haiekiko loturan dauden hainbat xehetasun eta berri osagarri eransten ditu, euskaldungoaren izaerari eta egoteari dagozkienak, hots, bizitza ulertzeko eta munduan kokatzeko maneraren eta antolamendu sozialaren berri ematen dutenak», deskribatzen du Pamielak.

Euskararen historiari buruz idatzi dituen beste hainbat libururi gehitzen zaie “Biziaroak” lanak. “Orhipean. Gure herria ezagutzen”, 1992an argitaratutakoa eta gaztelaniara, katalanera, ingelesera eta frantsesera itzuli izan dena; “Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz”, 2001ekoa; “Euskara jendea”, 2006an argitaratutakoa; “Etxea, Ondarea, Historia, Mintzoa”, 2016koa, eta “Etxera bidean”, duela bost urtekoa. Horiek, gaur aurkeztutakoa bezala, Pamielarenak dira.