ASIER ROBLES
DONOSTIA

Pepe Carvalho detektibea Euskal Herrira ekarri du Jon Alonsok

Enekoitz Ramirez «Lanbas» pertsonaia eta Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho detektibea harilkatu ditu Jon Alonsok «Carvalho Euskadin» izeneko fikzio lan berrian. Euskal Herriko politika, janariaren zeremonia eta historia hurbila lotzen ditu.

Jon Alonsok «Carvalho Euskadin» izeneko fikzio lan berria aurkeztu du.
Jon Alonsok «Carvalho Euskadin» izeneko fikzio lan berria aurkeztu du. (Jon URBE | FOKU)

Susa argitaletxeak Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) zortzigarren nobela aurkeztu zuen atzo Donostian. Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho detektibea ageri zaigu izenburuan: “Carvalho Euskadin”. Izan ere, fikziozko pertsonaia hori eta idazle iruindarrak sortutako Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’-en bizitzak gurutzatzen dira argitalpen berri honetan.

Bi nobela batean harilkatu ditu Alonsok: lehenengoa 2016an kokatzen da, Iruñean, eta eleberri baten lapurreta da gertakari nagusia: Sanchez Godin intelektualak Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat aurkitu du eta Gobernu autonomiko berriak goi mailako kultur jardunaldi bat antolatu du nobela aurkezteko. Ezustekoa, ordea, nobelaren bat-bateko desagertzeak emango du, eta Jon Alonsoren protagonista ezagunaren, Enekoitz Ramirez “Lanbas”-en, esku geldituko da kasua.

Bigarrenak 2003an kokatzen gaitu: Pepe Carvalho detektibeak, Ramblei begira dagoela, Guadalupe Agirre euskal enpresari handienetako baten enkargua jasoko du: 1982an desagertu zen Kokotxa militantearen neska-laguna aurkitzea. Ordainsari altua eskainiko dionez, aurrera egitea erabakiko du Carvalhok, giro arraro baten erdian: esan gabekoak, paper misteriotsuak, jarraipenak… Donostiara abiatuko da detektibea, eta han aurkituko dituenen artean daude Kokotxaren militantziakide izandakoak, epaileen bilakaera politiko gorabeheratsuak, euskal burgesiaren goranahiak, euskal politikari eta enpresarien arteko loturak, bete gabeko desirak...

Nolabait, Alonsok Vazquez Montalbani egindako omenaldi txiki bat da liburu berria. «Izan ere, pentsa daiteke zatirik handienean Montalban izatera jolasten dela Alonso nobela honetan. Baina Carvalhoren nobela txertatzeko moduak, dena koska bat gehiago estutu eta beste zerbait bihurtze horrek, guztiz alonsotar bihurtzen du nobela», azaldu zuen Susa argitaletxeko aurkezleak. Alonsok berak esan zuenez, Vazquez Montalbanek bere obretan askotan errepikatutako lelo edo esaldi esanguratsuetako batzuk txertatu ditu tarteka liburuan.