Urtzi URRUTIKOETXEA

«Speaker» berriak AEBko Gobernua ez ixtea lortu du… oraingoz

Mike Johnson AEBko Ordezkarien Ganberako presidente berria onik irten da esku artean zeukan aurreneko erronkatik: Gobernuaren finantziaziorako akordioa onartuta, Gobernu-itxieraren arriskua uxatu du. Izan ere, asteburu honetan bertan iristekoa zen lau milioi langile federal soldatarik gabe utziko zituen «shutdown» delakoa.

Mike Johnson, AEBko Ordezkarien Ganberako presidente berria.
Mike Johnson, AEBko Ordezkarien Ganberako presidente berria. (Stefani REYNOLDS | AFP)

Irailean bezala, epe labur baterako baino ez da akordioa, ordea. Are gehiago, bi zati ditu: lehena urtarrilaren 19ra artekoa, eta bi aste beranduagora artekoa, bigarrena. Mike Johnson speakerrak duela astetebete aurkeztu zuen proposamena, ordezkari errepublikanoekin izandako bileren ostean - Johnsonek ez zuen demokratekin bildu nahi izan-. Ezohiko proposamena da Gobernuaren finantzamenduan bi urrats izatea: bi epemuga dituen finantziazio-legeak zenbait agentzia eta programaren diru-hornikuntza bermatuko du urtarrilaren 19ra arte, eta beste bi astez, otsailaren 2ra arte, gainerako guztiena. Izan ere, muturreko errepublikanoek (errepublikano guztiek, egia esan), kosta ahala kosta eragotzi nahi zuten urte amaierako gastu guztiak lege bakarrean biltzea. Orain bi zatitan bereiztea lortu dute, oinarrizkotzat jotzen dituzten programak (militarrak, nekazaritza, eligaiak eta botikak, energia eta ura, eta garraioa eta etxebizitza) batetik, eta gainerako zortzi programak, bestetik.

Johnsonek prestatutako legeriak ez ditu barne hartzen Biden presidenteak Ukrainako gerra finantzatzeko larrialdi gastuetan eskatutako 105.000 milioi dolarrak, ez eta Israeli laguntza militarra ematea edo bi gatazketarako laguntza humanitarioa. Atzerriko beste politika batzuen edo AEB-Mexiko mugan segurtasun neurriak finantzatzea ere ez dago jasota; apartean eta banan-banako legeak beharko dira horretarako.

Baina, era berean, Ordezkarien Ganberako speaker berriak ez du artazirik sartu orain arteko programetan. Ondorioz, errepublikano batzuek bizkar eman diote. Astearte goizean iragarri zuen Freedom Caucus izeneko kongresukide talde ultrak ezetz bozkatuko zuela. Ordurako, bazekiten demokratei aurkakoa gertatzen zitzaiela. Proposamena gustuko izan gabe ere -Joe Biden bera izan zen Johnson kritikatzera irteten lehenengoetakoa-, itxieraren arriskua handiagoa zen, eta ia aho batez onartzea hobetsi dute, bai Ordezkarien Ganberan, bai Senatuan.

Oraingoz, muturreko errepublikanoek, proposamenaren kontra bozkatuta ere, ez dute estu hartuko Johnson, karguan bi aste baino ez daramatzala eta eskuindar peto-petoa dela aintzat hartuta. Gogoan izan behar da Ganberako speakerraren inguruko krisia aurreko finantziazio-legearen ondorioz iritsi zela. Kevin McCarthy Ganberako buru ohiak itxiera saihesteko azken orduko akordioa lortu zuen demokratekin iraileko azken egunean.

GAUR GAUERDIAN

Hilabete eta erdirako baino ez zen itun hori; horregatik egin behar izan da beste bat orain, epea gaur gauerdian amaitzen zelako. Edozelan ere, sei asterako lortutako akordioaren prezioa McCarthyk urte luzez bilatutako kargua galtzea izan zen, bere alderdikide estremistenen matxinadari esker. Ez zioten barkatu hitzarmena, eta historian lehen aldiz kargugabetu zen Ordezkarien Ganberako presidente bat.

Ondorioz, ia urria guztia speaker berri baten bila eman dute kongresukideek, muturreko errepublikanoek behar beste babesik lortu ezin, eta haiengandik urrun zeudenek, babes gehiago izanda ere, estremisten boikota jasaten zutela. Azkenean, Johnsonek lortu zuen aginte-mailua; oraingoz, barkaberagoak izan dira Matt Gaetz eta enparauak.

Opor sasoia dator orain - datorren astean da Esker Ematearen eguna, eta kongresukideak beren estatuetara itzuliko dira -. Hala, litekeena da azken asteotako tentsioa apur baterako baretzea. Baina laburra izango da. Gabonen ondoren, 2024a dator, hauteskunde-urtea, alderdiek presidentegaiak aukeratzeko primarioetatik abiatuta.

ARAZOA BERE HORRETAN

Urte hasieran litekeena da arazoak bere horretan egotea, eta uste baino lehen finantzamendurako epea beteko da. Are gehiago, gastu-lege baterako giltza ere konplikatuagoa izan liteke; orain bi zatitan bereiztea mesedegarri izan den legez, oztopo izan daiteke partiden zehaztasun hori datorren urtarrilean.

Ordurako, hauteskunde-urtean egongo gara, errepublikanoek Iowako caucusa eginda izango dute, Trumpen aurkako epaiketak hastear izango dira, eta urrats guztiak are errezelo handiagoz begiratuko dituzte kongresukideek. Baina AEBko gaur egungo politikan, bi hilabeteko epean mila gauza gerta daitezke.