Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Apartekotasuna (II)

Shoah-ri aitorturiko apartekotasuna ez da gertakarira bakarrik mugatzen; Europak, juduen auziari konponbide bat emateko asmoz, palestinarrak desjabetu eta lekualdatuta sortzen lagundu zuen Israel estatura ere zabaltzen da.

2008an Angela Merkel kantzilerrak argi utzi zuen, Alemaniak Israelekiko duen behar morala Israelen segurtasuna Alemaniaren “Staatsraison”-aren (existitzeko arrazoia) funtsezko parte bat dela adierazi zuenean.

Hainbat pentsalarik azaldu dutenez, Alemaniak Israelekiko agertzen duen muturreko ardura kontzientzia txarraren adierazpena da. Zentzu horretan, Israelen ekintzen baldintzarik gabeko defentsa eta iraganeko krimenen gaineko ardura lotuta doaz alemaniar irudimenean.

Kanporaturiko kontzientzia txarra da hau, ordea, Estatu alemanari eta alemaniarrei beraiei beren krimenetan esku hartzerik izan ez duten komunitateak jazartzeko eta zigortzeko eskubidea ematen diena.

Esaterako, Israel kritikatu izan duten judu alemaniarrei antisemita izatea leporatu diete juduak ez diren alemaniarrek.

Genozidio ikasketetan aditua den A. Dirk Moses historialariak jatorri migratzaileko biztanleekiko (“migrationshintergrund”) gizarte alemanak duen jarrera nabarmentzen du bereziki; azken horren arabera, etorkina izate hutsak sentimendu antisemitak izatearen susmagarri bihurtzen du bat.