Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Nazioa garela, lelo!

Aitor dut, ohikoan baino askoz ere gehiago kostatu zait oraingoan gaiak topatzea zutabe hau mamitzeko, Murgoitiorena mamitzea balitz sikiera! Total, hor ibili naiz prentsan albiste ei diren horien atzetik arakatzen edo, aurrean papera atzean papera leituz ilustratu nahian… baina ez dut gauza handirik ikusi Mendebalde Hurbilean. Ekialdekoan bai, ordea, etenik ez duten herrimina eta min-herria, non eta zainketa intentsiboko unitateak bonbardaketa intentsiboko gune bihurtu dituzten… ospitaleak hilerri eta inguruko lorategiak kanposantu… Planetako munduen osasuna gaixo den seinale. Ez, berotze globalaren erasoa ez dator bakarrik klimatik… odolak ondo daki!

Hurbilagora etorrita, zer berri? Horra! Manifa Bilbon! Atentzioa eman dit karteleko leloak: Nazioa Gara! Eta nik honela itzuli dut neure barruan, klima politikoa klima: Nazioa garela, lelo! Hirugarrenez bildu ere hiriburu horretara, eta azaroan berriro ere. Normala da, arazoak kaleratzeko hil aproposa baita azaroa! Eta ez balitz ere aproposa egingo dugu, horretarako berezko eskumena daukagulako, demontre!

Total, Autonomia kalea betetzea helburu! Eta kolpea gero hau ere, Burujabetza erreibindikatzeko bete autonomia! Hots, kale hori helbide hartuta, etorbide, helmuga kale guztiak hartzea baita, plazak, larreak eta basoak hartu ere. Eta atzokoan helburu zein eta Zabalburu! Harrapa ezak/n! Irak/n! Helburu zabala denik ezin uka! Begiratoki egokia plaza horretakoa, manifaren zabalaz jabetzeko, gure osasunak aldian behin beharra duen arnasgunea. Eta biodibertsitatea bidaide, kanpotik etorritako hor-hango lagunak lagun, mugak haustekoak direla aldarri! Eta txoriak txori izateko, misilezko ehiza mota guztiak iraganaren bazterrean uzteko, behingoz!

Arnasa!