Eli PAGOLA
DONOSTIA

Lurzorua: hankapean hartua eta erabilia, baina ikusiagoa ere bai

Zerbait hankapean hartua izan dela esatean, mendean hartu dela esaten da, eta hankapean erabiltzea gutxiespenarekin lotzen da. Lurzorua izan dute hizpide Naiz Irratian, hartua edo erabilia, ikusiko dugu, baina behintzat hankapean duguna. Nahia Gartzia Bengoetxea, edafologoa eta Neikerreko ikertzailea, gonbidatu dute.

Bernedoko lurrak.
Bernedoko lurrak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lurzorua bada kasu handirik egin ez diogun eremu bat. Hankapean hartua eta erabilia dugu eta, gainera, ez dugu ikusten, Nahia Gartzia Bengoetxea edafologoaren iritziz. Lurzorua Lurra planeta estaltzen duen geruza fin eta mehea da. 6.000 kilometroko erradioa du, eta horren gainazalean dagoen metro bakarreko edo asko jota bi metroko sakonera duen geruza da. «Lurzorua da Lurra planetan benetan bizitza posible egiten duena, natur baliabide garrantzitsuenetariko bat», adierazi du Neikerreko ikertzaileak Naiz Irratiko “Gelditu Makinak” saioan.

Lurzoruak hainbat zerbitzu ematen dizkigu: bertatik datoz gizakiok kontsumitzen ditugun kalorien %95. Janariaz gain, lehengaiak ere kontuan hartuta, egurra eta honen eratorriak, kontsumitzen dugunaren %99k lurzorua dauka oinarrian. Ura iragazteko gaitasuna ere badu lurzoruak, eta horrek ematen digu kalitatezko ur garbi eta edangarria. Lurra planetan dagoen biodibertsitatearen laurdena lur azpian bizi da.

«Hartz polarra oso polita da, baina satorrak ere badaude», adierazi du Gartziak.

KLIMA ALDAKETAREN ERAGINA

Lur azpian bizi diren organismoak maila ezberdinetakoak dira: mikroorganismoak, bakterioak, algak, onddoak, likena, artropodoak, ugaztunak ere bai... Kate trofiko osoa dago, eta denek lan egin behar dute sistemak ondo funtziona dezan, osasuntsu egon dadin, eta zerbitzu ekosistemiko guztiak ganoraz bete ditzan.

Lurzoru baten sorreran bost faktore daudela azaldu du edafologoak: arroka, klima, organismoak, topografia eta denbora. Bosten elkarrekintzaz eratzen da lurzorua. Hortaz, faktoreetako bat klima bada, klima aldaketak lurzoruaren funtzionamenduan eta sorreran ere eragingo du. Klima epeletan, lurzoru zentimetro bat edo bi sortzeko ehun urte behar ditugu. Klima hotzetan, mila urte. «Klimak tenperatura eta hezetasuna aldatzen dituen heinean, sorrera eta abiadurak ere aldatzen ditu, hor bizi diren organismoetan ere eragina dauka eta elkarrekintza guztiak eralda ditzake».

Klimaren eragin zuzenena materia organikoaren mineralizazioarekin lotua dago. Orbel gisa edo bizidunen gorpuzki gisa lurzorura iristen den materia organiko hori usteldu eta deskonposatu egin behar da, berriro landareek sustraietatik erabili ahal izan dezaten. «Prozesu azkartu egin daiteke tenperatura handitzen bada, eta materia organikoaren galera bat eman daiteke lurzoruetan. Hori da degradazio arriskuetako bat. Baina egiten dugun erabileraren arabera, lurzoruak oso erabiliak direlako, gizakiaren biziraupenaren oinarri , eragin horiek azkartu edo moteldu egin daitezke», azaldu du Nahia Gartziak.

LURZORUA IKASI

Lurzoruak informazio asko ematen digu. Lurzorua ikastera joaten direnean, bertan zulo bat zabaltzen dute, metro batekoa edo sakonagoa, eta han sartzen dira. «Sakoneran begiratzen joaten gara, materia organikoa eta arrokaren arteko erlazioa nolakoa izan den, euriteen ondorioz urez saturatuta gelditu bada horrek zer ondorio sortu dituen, burdina ateratzeko izan duen erabileraren aztarnak... Ikatz zatiak ere agertzen dira, eta sakoneraren arabera jakin dezakegu zenbat urte pasatu diren ikatza egiteari utzi genionetik».

Ikertzailearen arabera, lurzoru osasuntsua izango da ondo funtzionatzeko gai dena, zerbitzu ekosistemiko guztiak burutzeko gai dena. Baina lurzoruaren heren bat baino gehiago degradatuta dago. Gehiegizko erabilera egiten badugu, gero eta gaitasun gutxiago izango du ondo funtzionatzeko. Horrek hainbat ondorio ditu. Adibidez, janaria ekoizteko gaitasuna asko murrizten da.

BERRESKURATZEKO BIDEAK

Nekazaritza eremuetan, degradatutako lurzoru bat berreskuratzeko proposatzen den ekintza orokorrena materia organikoa gehitzea da. Baso lurzoruetan, lurzorua ez soiltzea da gakoa. «Soiltzen dugun momentuan euri urak lurzoru horren gainean jotzen du indar handiz, eta lurzorua askatu eta maldan behera joaten da. Behin galtzen dugun lurzorua ezin dugu berreskuratu».

Asfaltoz betetako hirian ere lurzorua dago. Europako Batasunak dio ahalik eta gutxienera mugatu behar dugula estaltzen dugun lurzorua. Orain arte ez da kontuan hartu eta orokorrean lurzoru aberatsenak estaliak izan dira. Hor daude gaur egun industrialde gehienak eta herriak, gure bizilekuak. Herri araudietan gero eta gehiago kontuan hartzen ari dira lurzoruak babestea. Gasteizko eta Urduñako udalak dira horren adibideak.

Ikuspegi holistiko bat lortzen ari garela uste du ikertzaileak. Lurzoruari begiratu eta orekan bizi behar dugula aldarri egin du, eta ez hankapean hartuta.