Arnaitz GORRITI
ENDESA LIGA

Alba Prietoren magiari esker, IDK Euskotren berriz ere garaile Mendizorrotzan

Sevillako jokalariak 21 puntu sartu zituen eta, donostiarren agintea gidatu zuen, atsedenaldiaz geroztik batik bat. Errebotean ere Araski ahul aritu zen.

Melisa Gretter ez zen Alba Prieto geldiarazteko kapaz izan.
Melisa Gretter ez zen Alba Prieto geldiarazteko kapaz izan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

IDK Euskotrenek ahal bezain beste partida Mendizorrotzan jokatzea pentsatu beharko luke. 2020ko otsailaren 16tik hona bertan jokatu duen aldiro irabazle suertatu da eta atzo arratsaldean ere hala izan zen Kutxabank Araskiren aurka.

Alba Prietoren 21 puntuek ezarri zuten aldea, baina baita gasteiztarrek 11 errebote gutxiago jaso izanak ere -25 eta 36-, Tamara Seda faltan sumatuta, baita 17 baloi galdu zituztela ere. Donostiarrek, aldiz, 19 hirukotik 10 saskiratu zituzten eta parte hartu zuten jokalari guztiek saskiratzeren bat erdietsi zuten, gainera.

Aurreneko erdia berdindu samarra izan bazen ere, behin atsedenaldiaz geroztik Azu Muguruzarenak nagusi izan ziren eta ondo merezita eskuratu zuten denboraldiko seigarren garaipena. Araskik, aldiz, hiru garaipen jarraian lortu eta gero, ezin izan zion bolada on horri eutsi, Natalie Van den Adelen eskutik gogotik ahalegindu zen arren.

ABIADA ETA PRESA

Lara Gonzalezen hiruko batekin ekin zion derbiari IDK Euskotrenek. Nolanahi ere, Kutxabank Araskik 11-0ko partzialarekin erantzun zion eta, horrez gain, Dulcy Fankamek bi falta egin zituen berehala, Azu Muguruzaren amorrurako.

Erasoan donostiarrek pare bat jaurtiketa erraz huts egin zituzten tarte horretan eta, abiada bizian, Ibaeta Basketen defentsa kokatu aurretik kontraerasoa amaitu ahal izan zuten Made Urietarenek. Horiek izan ziren gasteiztarren minuturik onenak.

Hutsartea eskatu behar izan zuen Azu Muguruzak, baina hutsarteak berak baino gehiago, Alba Prieto kantxaratzeak egundoko mesedea egin zion talde donostiarrari. Sevillako eskoltaren bitartez 2-8ko partziala lortu zuen IDK Euskotrenek. Inondik ere, jokalari andaluziarraren erakustaldia hastera zihoan.

Atsedenaldira markagailua 30-36 zegoela iritsi zen derbia, baina Prietoren bitartez 2-11ko partziala lortu zuten Azu Muguruzarenek hirugarren laurdenean. Kostata, gasteiztarrak 48-54raino hurbildu ziren, baina laugarren laurdena hastearekin bat, 0-6ko beste partzial bat gidatu zuen Alba Prietok, Dulcy Fankamek lagunduta. Mendizorrotza bere oinetara jarri zuen Sevillakoak.