Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Emakumezkoen sokadek hartu dute Yosemiteko Kapitaina hormatzarra

Lara Neumeier-ek eta Barbara Zangerlek «Muir Blast» eta «El Corazon» bideen lotura sinatu dute. Miska Izakovicova-k, berriz, «Golden Gate» bidea egin du, eta Amity Warme-k «El niño-Pineapple» igo du.

Goian, Neumeier (ezkerrean) eta Zangerl. Behean, sokada femeninoak Kapitaineko luze ikusgarri batean jarri zuen hamaka.
Goian, Neumeier (ezkerrean) eta Zangerl. Behean, sokada femeninoak Kapitaineko luze ikusgarri batean jarri zuen hamaka. (Dizzifilms)

Ohi den bezala, udazkenean Yosemiteko Kapitaina horma enblematikoa eskaladaren epizentro bihurtzen da. Makina bat bisita jasotzeaz gain, aurten ere jarduera bikainak egiten ari dira. Protagonista horien artean lau neska daude: Lara Neumeier, Barbara Zangerl, Miska Izakovicova eta Amity Warme.

Lehen biek, hots, alemanak eta austriarrak, ezohikoa den eta oso igoera gutxi dituen lotura bat egin dute; hain zuzen ere, “Muir Blast” eta “El Corazon” bideena. “Golden Gate” izan da eslovakiarrak aukeratutako marra, eta “El niño-Pineapple”, estatubatuarrarena.

Lehen soka-taldeari dagokionez, sei egun behar izan ditu 35 luze dituen lotura hori biribildu ahal izateko. Era librean eskalatu dute; gehienez, 8a maila. Gainera, luze gogorrenak kateatu dituzte biek.

Bere sokakideak ez bezala, Zangerlek eskarmentu handia du Kapitainean. Era askean sei bide eskalatu ditu, eta azken horri dagokionez honako laburpena egin du: «Lotura hori ‘Muir Blast’-en hasi zen. Eta jarraian ‘El Corazon’-era igaro ginen. Lehen hamar luzeetan zazpigarren mailako hainbat luze oso gogor eta zorrotzak gainditu genituen. Eta 8a zailtasuneko bat ere bai».

Eskalatzaile austriarrari eman diogu hitza, eta lehen eskalada egunaren inguruan adierazi du ez zela batere ona izan: «Hatz batean min hartu nuen, petateko hamaka trabatu egin zen, Larari jumar eta katu-oin bana erori zitzaizkion, zazpigarren mailako luze batean erori eta berriro eskalatu behar izan nuen… Hala eta guztiz ere, 8a zailtasuneko luzea kateatu genuen biok; aurreneko ekinaldian, gainera. Mammoth izeneko erlaitzera iritsi eta lehenengo gaua egin genuen bertan. Hamaika luze horiek leher eginda utzi gintuzten».

Bigarren egunean eskalatzaileok Bird Peak izeneko erlaitzera igo ziren. Aurretik “El Corazon”-eko 8a mailako sekzio bat eskalatu behar izan zuten. Lehenik eta behin, zati horretarako metodo egokienak aurkitzen jardun zuten. Eta bigarren ekinaldian lortu zuten luze gogor hori egitea: «Zati hori aldez aurretik eskalatuta nuen; izan ere, ‘Magic Mushroom’-eko metro berberak dira. Eguna bukatu baino lehen sei luze eskalatuak genituen. Rappelatu eta Mammoth-eko erlaitzera zuzenean jaitsi ginen».

Biharamunean, berriz, Neumeierrek eta Zangerlek lan eskerga egin behar izan zuten. Oso luzea izan zen eguna. Nahiz eta erritmo ona zeramaten, bazekiten zeharkaldi luze eta izugarri bat eskalatu behar zutela. Alabaina, petateak eman zizkien buruhauste gehien. Zeharkaldi horrek 50 metro ditu; arrokaren kalitatea ere ez da onena. Ez zuten arazo handirik izan tarte hori eskalatzeko. Baina petatea garraiatzea eromen hutsa izan zen, kontatu dutenaren arabera: «Artesi txiki batean trabatuta geratu zen. Sokatik tira egin genuen, baina ez zen mugitzen. Une jakin batean ohartu ginen artesi hori paretatik 20 zentimetrora mugitzen hasi zela; puskatzeko zorian egon zen. Onartzen dugu eskalada osoko unerik beldurgarriena izan zela. Kapitainetik arroka zati hori erortzen uztea ez zen geure buruan sartzen. Egoera hori oso arriskutsua zen gure azpian zeuden eskalatzaileentzat eta hormaren oinarrian ibiltzen diren turistentzat».

Panorama hori ikusita, bi eskalatzaileok irtenbide bat bilatu behar izan zuten. Neumeier petatea zegoen tarte horretara igo zen. Ondoren, petatea handik atera eta artesia ez askatzen saiatu zen. Pisu handia zuenez, eskalatzaileak kokagune seguru batean utzi eta ohartu zen botatzeko arriskurik ez zegoela. Nahiz eta ezusteko horrek eskalada etetera behartu zituen, oraindik beste luze batzuk eskalatzeko aukera izan zuten. Oso nekatuta zeudenez, ezin izan zuten 7b mailako luze bat era askean igo. Horrela amaitu zuten hirugarren eguna.

Laugarrenean, berriz, bezperan utzitako luze horretara abiatu ziren. Biek kateatu zuten, baina metodo ezberdinekin. Luzearen giltza gainditzeko, Neumeierrek dinamiko bat erabili zuen eta Zangerlek, berriz, pauso tekniko batzuk egin zituen. Ondoren, 7b+ mailako luze bati ekin zioten: «Lara sokaburu joan zen. Sekzio tekniko hori bistaz igo zuen: zirraragarria izan zen! Nik ere kateatu nuen. Hurrengo tartea diedro erraldoi bat da. Jakin-minez geunden, besteak beste, metro horiek guretzat zailak zirelako. Offwidth izugarri bat zain genuen. Onartu behar dut artesi zabal horietan oraindik neure burua hasiberri bat bezala ikusten dudala. Niretzat oso beldurgarriak dira, eta, teknika onik ez dudanez, lan eskerga eskatzen didate. Kaskoarekin eskalatu nuen; akats handia izan zen. Zergatik? Bada, trabatuta geratu nintzelako. Nola edo hala lortu nuen burutik kentzea. Eskalatzen jarraitu eta bistaz kateatu nuen. Oso harro sentitu nintzen, baina bilerara oso nekatuta heldu eta ia oka egin nuen».

Eskalada egun hori goizeko ordu batean amaitu zuten. Lan guztiak ez; izan ere, bilera deseroso batean hamaka antolatu behar izan zuten.

Hiru ordu eskas lo egin eta gero, bosgarren egunari ekin zioten. Offwidth horretan eginiko eskaladak minberatuta eta leher eginda utzi zituen. Coffee Corner izeneko sekzioa begiratu ondoren, atseden hartzea erabaki zuten. Hots, egun horretan ez zuten eskalatu.

Seigarren eta azken eguna zuten aurrean. Bazekiten ekaitz handi bat lehertuko zela, eta, horregatik, gailurrera iristeko eskalatu behar zituzten azken hamar luzeetan oso kontzentratuta joan ziren. Batez ere, 7c+ eta 8a mailako luze bana igo behar zituzten: «Oso gogorra izan zen, baina emozionatuta geunden gure azken eguna zelako Kapitainen. Coffee Corner igo eta sabai erraldoian sartu ginen. Bistaz kateatu genuen. Bero egiten zuenez, erabaki genuen ilunabarrarekin batera geratzen ziren luze gogorrak eskalatzea. Goizeko hiruretan amaitu genuen. Leher eginda geunden, dardarka… Baina era berean pozarren geunden lortutako helburuarekin».

«GOLDEN GATE»

Bide hori aukeratu zuen Izakovicovak Kapitaina igotzeko. Ez zen lehen bisita eslovakiarrarentzat; duela bost urte “Freerider” era librean eskalatu zuen. Xede hori biribildu ostean, hurrengo urtean berriro Yosemitera itzuli zen. “Golden Gate” zen erronka, baina konturatu zen bere sasoia kontuan hartuta oso gogorra zela: «Ekinaldi txiki bat egin nuen, eta iruditu zitzaidan nire gainetik zegoela. Aukera berri baten zain geratu nintzen, baina pandemia iritsi eta mugak itxi zituzten. Iaz beste saialdi bat egin nuen, baina bide horrekin ikaratuta jarraitzen nuen. Haatik, probatu nuen, eta onartu behar dut lan polita egin nuela. Banekien itzuli behar nintzela».

Bestalde, joan den udaberrian orkatiletako batean min hartu zuen eta hiru hilabete igaro zituen eskalatu gabe. Yosemitera itzuli aurretik, Txekiako Errepublikan zein Frantziako Alpeetan entrenatu zen. Protagonista honek onartu du pronto zegoela “Golden Gate”-en ekinaldi on bat egiteko: «Inoiz baino indartsuago nengoen. Paretan zazpi egun egin nituen. Bidearen lau giltzetan dena eman behar izan nuen: batez ere, A5 Traverse izeneko tartea oso-oso zaila iruditu zitzaidan. Luze batean inoiz egin dudan esfortzu handiena izan da. Nahiz eta sekzio hori sinatu nuen, oraindik tontorrera iristeko bost luze eskalatu behar nituen».

Arazo larregirik gabe, luze horiek gainditu eta lan bikaina eginda amaitu zuen. Eslovakiarrak baieztatu du “Golden Gate” izan dela inoiz eskalatu duen bide gogorrena: «Igoera horrek erabat bete nau, besteak beste, luze guztietan sokaburu joan naizelako eta era librean gainditu ditudalako. Horretaz gain, petatea igotzeko lan guztiak nik neuk egin ditut. Beti amets egin dut estilo horrekin, eta zaila egiten zait barneratzea ‘Golde Gate’ igo dudala».

Azkenik, emakumezkoen artean Yosemiten izen handia duen Amity Warmek “El niño-Pineapple” (8a+) eskalatu du. Zortzi egun behar izan ditu 25 luze eta 8a+ maila dituen marra hori era askean igotzeko.

Aipatu bezala, estatubatuarrak eskarmentu handia du Kapitaina horman. Adibidez, gai izan da “Freerider” (7c+) egun berean eta era askean eskalatzeko. “El niño-Pineapple”-rekin lau bide ditu murru handi horretan.

Zortzi egun egin zituen bide horretan: «Brentek eta biok egundoko esperientzia bizi izan dugu. Denetarik izan dugu: ekaitz bortitz bat, lesio bat, eta oso-oso bustia zegoen luze bat gainditu behar izan dugu».