GARA
BAIONA

Krisi larrian, jendearen erantzuna goraipatu du Hazkurri Bankuak

Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak eskainitako behin-behineko datuen arabera, iaz baino %5 handiagoa izan da aurtengo elikagai bilketa. Elkartearen bilana baikorra izan da, 117 tona bildu dituelako iragan asteburuan 90 bat saltoki baino gehiagotan jarritako guneetan.

Baionako biltegia hornituko dute jasotakoarekin.
Baionako biltegia hornituko dute jasotakoarekin. (Guillaume FAUVEAU)

Lehen bilanaren arabera, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak joan den asteburuan egindako bilketak emaitza «guztiz baikorra» utzi du. Orotara, 117 tona elikagai bildu ditu 90 saltoki baino gehiagotan ezarritako bilketa puntuen bidez, iaz baino %5 gehiago.

«Urteko bilketa arrakastatsua izan da Ipar Euskal Herriko biztanleen elkartasun aktiboari esker», nabarmendu zuen atzo elkarteak. Agiri baten bidez Hazkurri Bankuak goraipatu zuen, krisi ekonomikoa gero eta larriagoa izanik ere, «bertako biztanleek erantzun handia eman diotela behartsuenen alde egin dugun deiari».

Era berean, 900 laguntzaileen engaiamenduari esker burutu ahal izan du urteko bilketa nagusia Hazkurri Bankuak. «900 txaleko laranjadun horien ohiz kanpoko engaiamendurik gabe» ez zen posible izango operazio hori aurrera eramatea, elkartearen esanetan.

Edonola ere, azaroaren 24, 25 eta 26an gauzatu zen bilketa horri ekarpena egiterik izan ez zutenentzat aukera zabalik dela oroitarazi zuen. Interneten bidez parada dute herritarrek prekaritate larria pairatzen duten pertsonen aldeko laguntza emateko.

Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak gonbidapena egin zuen dohaintza bat online burutzera. Hain zuzen, helbide honen bidez: www.monpaniersolidaire.org. Elkarteak zehaztu zuenez, molde hori baliaturik herritarrek hautaturiko produktuen erosketan parte har dezakete.

Zehazki hainbat mozkinen kategoriak ezarri dituzte jendeari aukera emanez, hala nola oinarrizko higiene produktuen sorta, gosarietarako mozkinak, haur txikientzako produktuak, eskolako puskak, familiaren erosketa edo familia ugariei zuzendutako saskia.

BIZKAIAN, 1,2 MILIOI EURO

Euskal Herri luze-zabalean egin da bilketa. Bizkaiko Elikagai Bankuak, adibidez, 1,2 milioi euro lortu zituen dohaintza eta elikagaietan, joan den asteburuko Bilketa Handian. Behin-behineko zifra da, oraindik ez baitituzte elikagai guztiak pisatu eta bonuen kanpainak abenduan ere segituko baitu.

Elkarteak bizkaitarren elkartasuna eskertu zuen, «beti bezala, laguntza deiari erantzun diotelako, meritu handiz, gainera, krisia eta inflazioa kontuan hartuta».