GARA
GASTEIZ

Hizkuntza politika berri baten beharra ikusarazi dio Kontseiluak Urkulluri

Aspaldi egin gabeko bilera izan da Kontseiluko ordezkariak eta EAEko lehendakaria mahai berean atzo Lehendakaritzaren egoitzan bildu zituena. Hizkuntza politika berri baten beharra nabarmendu zuen euskalgintzak Iñigo Urkullu lehendakari eta Bingen Zupiria sailburuaren aurrean, eraso judizialak bereziki baldintzatutako testuinguruan.

Kontseiluko ordezkariak, Urkullu eta Zupiriarekin, atzoko bileran.
Kontseiluko ordezkariak, Urkullu eta Zupiriarekin, atzoko bileran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Adostasunaren bidetik «hizkuntza politika berri baten premia» dagoela adierazi zion Euskalgintzaren Kontseiluak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, atzo Lehendakaritzaren egoitzan izan zuten bileran. Aspaldi egin gabeko bilera izan da, hogei urte baino gehiagotan ez baita honelakorik burutu. Urkullurekin batera, Bingen Zupiria Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere izan zen bileran, eta Kontseilua ordezkatuz, aldiz, Idurre Eskisabel idazkari nagusia, Aize Otaño lehendakaria eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea.

Lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren eta euskarak aurrera begira dituen erronken inguruko kezka partekatu zuten bi aldeek, eta Kontseiluak hizkuntza politiketan jauzi bat emateko premia dagoela adierazi zien. Kontseiluak gogorarazi zuenez, “Euskaldunon Egunkariaren” indar bidezko itxieraren testuinguruan batu zen azken aldiz Kontseilua EAEko lehendakariarekin, 2003an. Orain, 20 urte beranduago, eta azaroaren 4an Bilbon hamarnaka mila herritar euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko kalera irten eta gero, berriz elkartu dira bi aldeak.

Kontseiluko ordezkariek azkenaldian epaitegietatik euskararen biziberritzearen aurka emandako epaien gaineko kezka partekatuz ekin zioten bilerari. Izan ere, lege, dekretu, lan deialdi eta zerbitzu esleitze desberdinei buruz eman diren sententziak izan arren, guztiek euskararen normalizaziorako bide diren neurrien aurka ebatzi dute. Horregatik, «epai isolatuetatik harago doan» auzitegien joera hori oldarraldi judizialaren barnean kokatu zuen Kontseiluak, eta euskalgintzatik emandako erantzunaren ibilbidea aurkeztu zion Urkulluri.

ERASOEN AURREAN

Atzoko bileran Kontseiluak euskararen aldeko adostasunak sakonki lantzeko konpromisoa berretsi zuen, jauzi hori adostasun sozial ahalik handienarekin egitea baita Kontseiluaren iparra. «Borondate horren erakusgarri da Kontseiluak 2021ean abiatutako 'Batuz Aldatu' dinamika. Dinamika horren bidez, euskal gizartean esanguratsuak diren ehundik gora askotariko eragilek bat egin dute euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi oinarriekin: ezagutza unibertsalizatzeko helburuarekin eta erabilerarako gune erosoak sortu eta zabaltzekoarekin», azaldu zuen Eskisabelek.

Bere hitzetan, «sinetsita gaude bi oinarri horien gainean adostasun sozial zabala eraiki daitekeela, hizkuntza politiketan sakontzeko akordio politiko zabal baterako bide izan daitekeena».