Amaia EREÑAGA
BILBO
INFERNUA GAZAN

Joe Saccoren «Palestina», komiki-kazetaritzaren klasiko bat

Joe Sacco Palestinako kaleetan paseoan eta bertakoekin hartuemanean, komikian jasota.
Joe Sacco Palestinako kaleetan paseoan eta bertakoekin hartuemanean, komikian jasota. (ASTIBERRI)

Lehenengo begiradan, Joe Saccoren “Palestina” komikiak (Astiberri) harridura eragiten dizu. Zuri-beltz gordinean egina, liburua osatzen duten 295 orrialdeak -liburu sendoa da- ez dira ziztu bizian irakurtzen diren horietakoak. Denbora eskatzen dute, baita arreta ere. Letra, marrazki, historia eta istorioz josita dago; badirudi, une batzuetan, Saccori Palestinako kaleetan ikusi zituen injustiziak ez zitzaizkiola orrialde soil batean sartzen. Hemen kazetari baten lan sakona dago, eta “komiki serioaren” klasiko hau, zorionez, euskaraz eskuragarri egongo da.

Iaz Art Spiegelmanen “Maus” komikiarekin egin zuen legez, Bilboko Astiberri argitaletxeak nazioarteko komikigintzaren klasikorik handienetako batzuk euskaraz argitaratzeko apustuari eutsi dio. Abenduaren 5ean kaleratuko du “Palestina”, 25 eurotan, Joe Saccoren (Kirkop, Malta, 1960) klasikoaren euskarazko edizioa.

Julen Gabiriak ekarri du euskarara eta, atzo egin zen aurkezpenean aipatu zuenez, «‘Palestina’ komiki-kazetaritza zaku horren barruko aitzindaria eta gailurretako bat da. Zineman edo telebistan dokumental bat ikusiko bazenu bezalakoa da, baina komikira transportatuta: dokumental bat palestinarren eguneroko bizitzari buruzkoa, okupaziopean, eta lehenengo Intifadaren amaieran kokatua».

1990eko hamarkadaren hasieran, Joe Sacco izeneko komikigile gazte batek Palestinara bidaiatu zuen, eta han emandako pare bat hilabeteetan bizitakoak komikiaren forma artistikopean dokumentatzea erabaki zuen. Merkatuetan paseoan ibili zen, presoei elkarrizketak egin zizkien, manifestariekin solasean aritu zen, nekazariekin bazkaldu zuen, ospitaleetako gaixoak bisitatu zituen, eta, finean, Gaza eta Zisjordaniako herritarren bizitzan eta kulturan murgildu zen. Bidaiaren hasieran, bidaian bertan izango zituen bizipen pertsonalak islatu nahi zituen. Baina Palestinan ikusitakoak aldatu zuen dena. Julen Gabiria: «Joe Saccok hasieran duen jarrera pixka bat deserosoa egin zitzaidan, drama erraldoi bat bizitzen ari zelako. Bere ideologia ezkertiar estatubatuarragatik ziniko puntu bat du, baina hasierako kontraste hori baretzen doa, eta egiten duena da benetako kronika bat Palestinan bizitzen ari denari buruz. Marrazteko modua ere aldatzen doa».

DOKUMENTAL BATEN MODUAN

Palestina okupatu hartan izan zuen esperientzia zirraragarri haren ondorioz sortu zuen Saccok bere aurreneko kazetaritza lan handia, eta azken urte hauetan argitaratu den obra politiko eta historikorik onenetakoa. 1996an American Book Award saria lortuko zuen lana. Obra honi esker, komikia baliabide dokumental bihurtzeko oinarriak finkatu ziren, eta Saccok jarraipena eman zion proposamen mota honi, autobiografian eta kazetaritzan oinarritutako hainbat nobela grafiko sortuz.

Igor Leturia komikietan adituarentzat, «berri oso ona da euskaldunondako gure hizkuntzan nobela hau edukitzea, ‘Palestina’ beharrezkoa baita Palestinaren egoera ezagutzeko». Hasieran, Saccok bederatzi ataletan komikiratu zuen han bizi izandakoa, baina 2001ean atera zen bolumen bakarrean, eta edizio hori da geroztik hizkuntza askotan argitaratzen ari dena.

Gaurkotasunik galdu al du? Gabiria: «Islatzen den egoera ez da aldatu; areago, okertu egin da. Gaur egun bizitzen ari diren bonbardaketa ikaragarririk ez da ikusten liburuan, askoz gehiago agertzen delako kaleko bizitza. Sacco jaisten da kalera eta hitz egiten du jendearekin, eta euren eguneroko errutinak jasotzen ditu, hemen palestinarren bizitza baitago bere osotasunean».