GARA
GASTEIZ

Michelingo 176 kaleratzeak «mendekua» direla salatu du LABek

Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegietan Michelin multinazionalak iragarri dituen 176 kaleratzeak Estatu mailako batzordetik atera izanagatik mendekua direla adierazi zuen atzo LABeko ordezkari Unai Arregik NAIZ Irratian. Kaleratzeak ez diren beste irtenbide batzuk proposatu zituzten sindikatuek astelehenean, lekualdatzeak edo erretiroak aurreratzea, besteak beste.

Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean.
Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizen 150 langile kanporatu nahi ditu Michelinek eta Lasarte-Orian beste 26 lanposturen kontrako asmo hauen nondik norakoak azaltzeko Michelingo LAB sindikatuko ordezkaria den Unai Arregi elkarrizketatu zuten atzo NAIZ Irratian.

«150 kaleratu Gasteizen zergatik diren zalantzan jartzen hasi gara. Azkenean, enpresak ez digu argudiatu zergatik den kopuru hori. Esan duen bakarra da produkzioan jaitsiera izan dela eta jendea sobera dagoela», adierazi zuen.

Urrian Gasteizko lantegiak Estatu mailako batzorde bateratua uztea erabaki zuten erreferendumean. Lasarte-Orian ere gauza bera onartu zuten. Kaleratzeak eta erabaki honen arteko loturarik ote dagoen galdetu zioten Arregiri. «Mendeku gisa hartzen ditugu kaleratzeak. Ez da kasualitatea Euskal Herriko bi lantegietan soberakinak izatea. Kalean egon ginen aldarrikapen honen alde borrokan bi lantegietan. Enpresak egin duena produkzioa beste lantegietara mugitzea eta Euskal Herrikoak zigortzea da», azaldu zuen.

Egoera honen aurrean, «hemen ez dagoela inor sobera» aldarrikatuko zuen. Enpresak datu hori eman duela, baina Arregik langile horiek beste toki batzuetan kokatzeko ahalmena baduela nabarmendu zuen.

Aurten Michelinek beste hamahiru langile kaleratu dituela gogoratu zuen Arregik. «Jendea sobera dagoela esaten aspaldi hasi ziren. Grebaren ondoren hasi ziren kaleratze diziplinarioak. Oraingoa jarraipena da. Espero dezagun lantegian egonkortasuna egotea», esan zuen.

NEURRI «EZ-TRAUMATIKOAK»

Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek, kaleratzeak ekiditeko, neurri «ez traumatikoak» proposatu zizkioten astelehenean Michelinek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzari.

Enpresa batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatuek ez zuten eragozpenik jarri, sindikatuetako iturriek Europa Pressi aditzera eman ziotenez.

Txanda kontratuetan eta aurre-erretiroetan sartzeko adina aurreratzea, lantegiko lantegien arteko mugigarritasun funtzionala eta Estatu espainoleko eta Portugalgo lantegien arteko borondatezko mugigarritasun geografikoa proposatu zituzten.

CCOOk eta UGTk adierazi zuten enpresaren planek eragiten dieten pertsona guztien lan baldintzen funtsezko aldaketaren onarpena negoziatzeko «premisa» ukaezina izango dela aurten eta, bestalde, 2024an enpresak adierazitako ekoizpen arrazoiengatik lantegian kaleratze bakar bat ere ez egotea.

Zuzendaritzak proposamenak jaso ditu, eta ostirala baino lehen aztertuko ditu.