Maider IANTZI GOIENETXE
BERA

Zaintzaren ibilbidean, isiltzen ohituta daudenei aditzen

Berako Uxane eta Maddi zentroetako langileak, solasean.
Berako Uxane eta Maddi zentroetako langileak, solasean. (M. I. G.)

Bozgorailuek ernatu gintuzten. Dardara batek astindu zituen hiri eta herri koskorrak, baita ttikiak ere. Beran, adibidez, zaintzaren ibilbidea egin zen, eta jende puska bildu zen isiltzera ohituta daudenen borrokak ezagutzeko. Prestaketa luze eta emankorra egin da, zaintzaren erranahia bera aztertzetik gu guztion bizitzetan eragina duen sistemaren ondorioak ulertzeraino. Egiten hasitako bideari segitu beharko zaio, pausoz pauso irauliz.

Mugimendu feministaren eta zaintza-langileen arteko sareak sendotu dira. Horren fruitu izan zen zaintzaren ibilbidea. Udaletxeko arkupeetan, etxeetan lanean ari diren emakume egoiliarrei aditu zieten lehenbizi. «Zaintzen nuen gizonak ez zidan lo egiten uzten. Aukera zuenean, titiak eta ipurdia ukitzen zizkidan».

Uxane eta Maddi zentroetara jo zuten gero. Grebalariek txokolate beroa eta bizkotxoa eskaini zieten, eta langileek zein baldintza dituzten esplikatu zuten. Eskaera nagusia zerbitzua publikoa izatea da.

San Jose adinekoen egoitzan, langileak eskerrak ematera atera ziren, jasotako babes guztiagatik. Haiek ere lanean ari ziren, halabeharrez. Zaintzen dituzten pertsonei begiratu ahal izateko denbora behar dute.

LANDA-EREMUKO EMAKUMEAK

Altzateko plazan, Euskal Herriko landa-eremuko emakumeak goraipatu zituzten. «Bizia sostengatzeko beharrezko elementuen lotura argiago erakusten dute». Lan ordainduan ari direnez gain, gogoan izan zituzten bizia bertzeen zaintzari eman dioten emakumeak, batere dirurik jaso gabe.

Mukixu haur eskola izan zen azken geltokia. 60 eguneko greba gogor bat daramate motxiletan, eta hobekuntza txikiak lortu badituzte ere, behar dutenetik urrun dabiltza oraindik. Horregatik, Udalari eta Nafarroako Gobernuari zuzendu zitzaizkien, elkarlanerako zubia eraikitzen has daitezen eta inbertsio ekonomikoa egin dezaten, «hezkuntza zaintzatik hasten delako».

Arratsaldean, Elizondoko manifestazioan elkartu ziren inguruko bailaretako lagunak. Beratik eta Saratik joan ziren auto karabanan, herriz herri.