GARA
GASTEIZ

Ekimen ugari iragarri du Sarek U13ko manifestazioaren atarirako

«Konponbiderako giltzak» dinamikak goia joko du urte berrian sartu eta laster, urtarrilaren 13rako Bilbon antolatzen ari diren manifestazio handiarekin, baina aurretik ere ekintza andana jakinarazi du Sarek: ekitaldia Durangoko Azokan, elkarretaratzeak eta manifestazioak, Basauri zein Martuteneko kartzeletatik mobilizazioak...

Sareko kideak, atzo Gasteizen, abendurako prestatu dituzten ekintzak aurkezten.
Sareko kideak, atzo Gasteizen, abendurako prestatu dituzten ekintzak aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urtero euskal preso politikoen eskubideen alde egiten den manifestazio erraldoiak Bilboko kaleak hartuko ditu urtarrilaren 13an, jada aurkeztua den “Konponbiderako giltzak” dinamikaren barruan, baina herri eta hiriburuetara ere helduko da gogoeta hau, Sarek atzo jakinarazi zuenez.

Hitzordu zehatzak zerrendatu zituzten Gasteizen egindako ekitaldian: abenduaren 9an kultur ekitaldia izango da Durangoko Azokarekin bat eginez, Landakon, 13.00etan; abenduaren 20an elkarretaratzeak egingo dituzte, gehiengo sindikalak antolatuta, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen; eta hilaren 23rako, Martuteneko espetxetik hasita manifestazioa egingo dute, eguerdian.

Hurrengo egunerako manifestazioa iragarri dute Gasteizen, Ahateen Iturritik abiaturik, 19.00etan; abenduaren 29an elkarretaratze ugari izango da Nafarroan zehar; eta hilaren 30ean, 2023ari agur esan baino lehen, Basauriko kartzelatik aterako da martxa, 12.30ean.

Azkenik, urte berriarekin Bilboko manifestazio handia iritsiko da, urtarrilaren 13an. 17.00etan jarri dute hitzordua, Casillan.

BIZIKIDETZA

«Beste urte batez mezu bat bidali nahi diogu euskal gizarte osoari, giza eskubideen defentsa helburutzat hartu nahi duten emakume eta gizon guztiei, edozein dela ere haien ideologia eta atxikipen politikoa», nabarmendu zuten atzoko agerraldian Bego Atxak eta Joseba Azkarragak. «Zeren ez baikara hizketan ari helburu politiko eta alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara».

Sareren ustez, «euskal gizarteak berak hartu behar du bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna».

Bide horretan, «etengabeko konfrontazioan aritzeak ez duela batere logikarik» oroitarazi zuten Atxak eta Azkarragak: «Ulertezina da iraganean pentsatutako lege eta jarrerei eustea, horrek ez duelako euskal gizartearen gaur egungo errealitatearekin inolako zerikusik», azaldu zuten.

%2,85 EDO %60

«Presoen espetxe ibilbidea ezin da oraindik erabaki bertatik 400 kilometrora», berretsi zuten Sareko bozeramaileek.

«Ezin da eta ez da erabaki behar. Ez da demokratikoa, ezta logikoa ere, Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalek aurka egitea behin eta berriz Euskal Herriko espetxeetako Tratamendu Batzordeen erabakiei eta trabatzea pertsona horiek etxera itzultzeko bidea; are gutxiago, kontuan hartuta preso horietako askok 20 urte baino gehiago eman dituztela askatasunik gabe eta, kartzelan egindako denboraren arabera, eskubidea dutela baldintzapeko askatasunean edo erregimen irekian egoteko», esplikatu zuten.

Datu adierazgarri bat eman zuten: «EAEko Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartutako 387 gradu-progresioetatik, Fiskaltzak hamar errekurritu ditu, hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak %60 errekurritu du».

«Berriz diogu sistema juridikoan eta espetxe sisteman aurreikusita daudela zigorrak betetzeko beste aukera batzuk, kartzeletako hormetatik kanpokoak, euskal preso politikoen kasuan aplikatu behar direnak», erantsi zuten Sareko ordezkariek.