Imanol CARRILLO
ATHLETIC

Kulebroia amaitu eta zinea zuri-gorrian egiten jarraituko du Nicok

Williams anaia txikiak hiru denboralditarako luzatu du Athleticekin zuen hitzarmena, 2027ko ekainaren 30era arte. Kontratua aurten amaitzen zitzaion eta klubaren lehentasuna zen. Izen asko agertu dira azken hilotan, baina jokalaria beti lasai agertu da.

Nico eta Iñaki Williams anaiak, inoiz baino zoriontsuago, gazteak Athleticekin kontratua luzatu ostean.
Nico eta Iñaki Williams anaiak, inoiz baino zoriontsuago, gazteak Athleticekin kontratua luzatu ostean. (ATHLETIC CLUB)

Datorren urteko ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua Nico Williamsi Athleticekin. Hitzarmen hauen berritzeak edo luzatzeak ez dira egun batetik bestera egiten, bi aldeek beren eskakizun bereziak izaten dituztelako. Baina, abenduan sartuta, hilabete barru Nico libre izango zen nahi zuen klubarekin negoziatzeko. Jokalari ezberdina eta aho askotan ibiltzen den horietakoa da eta, horregatik, azken hilabeteetan talde asko entzun dira bere hurrengo balizko klub gisa. Jokalariak berak, baita bere ingurukoek ere, beti eskatu izan dute «lasaitasuna». Baina lasaitasun hori atzo egin zen ofizial, Athleticek futbolariaren kontratua berritu dutela jakinarazi zuenean.

Hala, Nico Williamsek hiru denboralditarako luzatu du akordioa, 2027ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. Klubak ez zuen zehaztu zein izango den bere kontratua desegiteko zenbatekoa, baina orain arte 50 milioi eurokoa zen. Jon Uriartek gidatzen duen klubaren lehentasuna zen. Iaz ezin izan zuen Iñigo Martinez konbentzitu taldean geratzeko eta, beraz, Nico Williamsekin lorturikoa bere aldeko tantotzat har daiteke.

Gainera, hiru urterako berritu du, eta ez, zurrumurru askok zioten bezala, birako. Beraz, Bilbon denbora gehiago egoteko aukera izango du, nahiz eta futbolean inoiz ezin den jakin zer gertatuko den hurrengo denboraldian.

Europako klub indartsu batzuek Nico nahi zutela entzun eta irakurri da azken hilotan. Nicok taldea utziko zuela esaten zen kulebroi honetan, ordea, keinu ugari egon dira Athleticen gelditzeko aukera ugari zituela esaten zutenak. Adibidez, Nico Williamsek berak «lasai» zegoela behin eta berriro esan izan du; bere anaia Iñaki oso maitatua da Bilbon eta bere adierazpen guztiek esaten zuten oso gustura zeudela Bizkaiko hiriburuan; eta, are gehiago, bi anaien ama, Maria Arthuer, Athleticen 125. urteurreneko enbaxadore izendatu zuen klubak.

Hori aski ez eta mota guztietako burutapenak atera dira. Adibidez, Athleticek publizitate kanpaina bat abiarazi zuen duela egun gutxi, non bi kamiseta agertzen ziren bizkarrean “win” eta “irabazi” hitzekin, eta lelo bat zuen.

Atzoko albistea jakin ostean, Athleticek “WIN” hitzak beste esanahi bat zuela jakinarazi zuen: «Williams, Iñaki eta Nico». Eta azken honek eta klubak zirkulua itxi zuten kontratu luzapena jakinaraztean. «Eskerrik asko familia zuri-gorriari. Eskerrik asko. Nire anaiak dioen bezala: ‘Lan eta lan, lanean jarraituko dugu’. Aupa Athletic», azpimarratu zuen Nico Williamsek.

HISTORIA EGITEN JARRAITZEA

Ibaiganetik, berriz, honakoa adierazi zuten: «Nico Williamsek Athletic Cluben, bere anaia Iñaki eta taldekideekin, historia egiten jarraitzea erabaki du. Alebina zenean iritsi zen Lezamara, duela hamarkada bat, eta pauso sendoak ematen joan da lehen taldeko oinarri sendo bat bihurtu arte».

Nico Williamsen kontratu luzapenaren gaineko albistea Rayo Vallecanoren aurkako Liga partidaren atarikoan iritsi zen eta Ernesto Valverde lehen taldeko entrenatzaileari horri buruz galdetu zioten prentsaurrekoan. «Duela denbora asko espero» zuten albistea dela onartu zuen.

«Zentzu askotan da onuragarria. Zelaian ematen digunagatik eta besteei sortzen dien sentsazioagatik: jokalari hauek Athleticen eta hemen egotean sinisten dute», azpimarratu zuen Valverdek.

San Mameseko partidari buruz (16.15), aipatzekoa da Yuri Berchiche 23 jokalariz osatutako deialdian sartu dela ia 40 egun bajan egon ostean. Kontrako aldean, berriz, Dani Garciak eta Yeray Alvarezek euren lesioetatik osatzen jarraitzen dute eta baliteke Gabonak pasatu arte ez zelairatzea.

Gironaren aurka 1-1 amaitu ostean jokatuko dute zuri-gorriek Rayoren aurka. Garaipenak Nico Williamsen berritzea ospatzeko eta bolada onari segida emateko balio lezake.