Ion SALGADO
GASTEIZ

Tapiak onartu du ia 400.000 tona hondakin kanpora bidaltzen direla

«Euskadin, 6,5 milioi tona hondakin sortzen dira, eta horietatik zuk aipatu dituzun 387.000 ia lekualdatzen dira eta beste erkidego batzuetara eramaten dira. Beraz, sortutako hondakinen portzentaje ez oso handia eramaten da kanpora; edozer da gehiegi, baina ez da handia portzentajea: %6 une honetan». Hala erantzun zion atzo Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideari.

Hondakinen kudeaketa kritikatu zuen hautetsi subiranistak. Adierazi zuenez, «datuak ikusita, modu argian ondorioztatu daiteke Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean jasota dagoen ikuspegi estrategikoaren printzipioak, hau da, hondakinak tratatzeko autosufizientzia, hurbiltasuna eta abar, ez direla gaur-gaurkoz betetzen ari».