GARA
SANTIAGO

Paperik gabeko etorkinak Txiletik bidaliko dituela iragarri du Boric-ek

Gabriel Boric Txileko presidenteak etorri berriekiko jarrera gogortu du, eta borondatezko erroldatze plan biometriko bati datuak eman ez zizkioten eta egoera irregularrean dauden pertsonak kanporatzeko aginduko du. Hala iragarri zuen ekitaldi batean. Polizien kontrolak areagotuko dituztela ere azaldu zuen.

Agintari txiletarrak polizia buruei eskatu zien atxilotze agindua duten eta paperik ez duten pertsona migratzaileak gatibu hartu eta bost egunen buruan herrialdetik bidaltzeko.

«Egoera irregularrean dauden eta erroldatze boluntarioa bete ez duten atzerritarrei dagokienez, beren aurkako atxilotze agindurik izan ez arren, kanporatze dekretua ezarriko zaie», zehaztu zuen Gabriel Boricek.

ERROLDATZE PLANA

Aurten erroldatze plan biometriko bat bultzatu du Txileko Gobernuak, egoera irregularrean dauden eta atzerriko jatorria duten herritarrei zuzendua. Prozesua bukatuta dago jada, eta 127.000 pertsonaren datuak biltzeko balio izan zuen.

Aditzera eman zutenez, ekimenarekin azken bost urteetan modu irregularrean Txilera iritsi diren atzerritar jatorriko pertsonei buruz zegoen informazio faltari erantzun nahi izan zioten. Gehien-gehienak Venezuelatik heldutako lagunak dira.

Pinocheten diktadurako Konstituzioaren ordez jarri nahi duten Konstituzio berriaren proiektuak, abenduaren 17an txiletarrek bozkatu behar dutenak, badu artikulu bat egoera irregularrean dauden migratzaileak ahalik eta azkarren botatzera behartzen duena.