GARA
DURANGO

40 Minutu Rock: elkartasunez eztanda egingo du Durangok otsailaren 24an

Landako Gunean milaka pertsona elkartuko dira otsailaren 24an, “Oihuka astinduz orratzak” lelopean. 40 Minutu Rock-en beste edizio bat egingo dute. «Euskal preso politikoen eskubideen alde egiten den jaialdira gonbidatu gura ditugu giza eskubideen defentsa helburutzat hartu gura duten pertsona guztiak», adierazi dute.

Elkartasun giroak bor-bor egin zuen iaz ere.
Elkartasun giroak bor-bor egin zuen iaz ere. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Euskal preso politikoek eta haien senideek ondo dakigunez, 40 minutuko bisitak soilik izaten ditugu elkarrekin egon ahal izateko. Denborak elkar ikusteko aukera eman baino, frustrazioa eta amorrua eragiten die gertukoei, eta erlojuaren orratzak astintzeraino oihukatzeko beharra dugu», esan dute sustatzaileek.

«Urtero euskal preso politikoen eskubideen alde egiten den jaialdira gonbidatu gura ditugu giza eskubideen defentsa helburutzat hartu gura duten pertsona guztiak. Eskubideez hizketan ari gara, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz», adierazi dute.

Jaialdian parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute: «Norberak bere aletxoa jartzea, modua edozein dela; euskal gizarteak berak hartu behar baitu bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna».

HEMEZORTZI IZEN

Aurtengo edizioan hemezortzi talde (norbanakoak zein taldekakoak) izango dira 40 Minutu Rockeko agertokietan.

Oholtza nagusian Arene 6, Belako, Burutik, DAM, Des-kontrol, Esne Beltza, Hofe x 4:40, Ibil Bedi, Nevadah, Nøgen, Raimundo el Canastero, Streetwise, Su ta Gar taldeak arituko dira. Alboko karpan, berriz: DJ Kuku, LaMia Mari, Kiliki Frexko DJ Set, Pineapple Sweets eta Xaukena xauk.

Aurten Landako Gunetik harago joango da 40 Minutu Rock, «hesi guztiak gaindituz», eta Euskal Herria Durangora begira jarriko da.

Gainera, DAM hip hop talde palestinarra gonbidatu dute. «Elkartasun ekimen legez ulertzen dugu kontzertua; izan ere, Palestinako herriari baldintzarik gabeko babesa eman gura dio 40 Minutu Rockek. Haren borondateari eta duintasunari errespetua eta miresmena diegu, bere lurrean irauteko eta bere askapenaren alde borrokatzeko. Palestinak hamarkada luzez bizi duen okupazioak bereziki larritzen eta haserretzen gaitu; hala, Israelen gidaritzako genozidioa erabat gaitzesten dugu. Elkartasun jaialdia da gurea, eta Palestinaren egoeraren larritasuna sozializatzeko betebeharrean aurkitzen gara. Beraz, nola hobeto palestinarrekin eurekin egitea baino: DAM taldearen musikak ondo baino hobeto transmititzen ditu palestinar herriaren oihu eta aldarriak. Erdu gurekin, haiekin batera mundua dantzan jartzera!», eskatu dute.

Sarrerak abenduaren 6tik 10era Herri dendan (Durangoko Andra Mari kaleko seigarrenean) salgai egongo dira. Abenduaren 15etik aurrera, herri hauetan eskuratu ahalko dira -ohiko tokietan-: Durango, Elorrio, Bilbo, Gernika, Donostia, Arrasate, Gasteiz, Iruñea.

Online sarrerak, aldiz, atzo salgai jarri ziren BIBE atarian. Sarrerak 20 euro balio du aurretiaz erosiz gero, eta, sarrerarik geratuko balitz, 25 euro balioko du egunean bertan.