Iñigo ODRIOZOLA
Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea
GAURKOA

Obamarengandik 5 pertsonatara zaude

Eta Rosalíarengandik, eta Aita Santuarengandik, eta Vandana Shivarengandik... Bai eta Peruko nekazari, Bangladeshko ehungintzako langile, Kolonbiako giza eskubideen defendatzaile eta Ghanako ikasle batengandik ere. 8.000 milioi biztanle garen mundu honetan, 6 bereizketa graduen teoriaren arabera, 5 pertsonak bakarrik bereizten zaituzte planetako beste edozein biztanlerengandik...

Teoria bitxi horrek erakusten digu garapenerako GKEok jaio ginenetik defendatzen dugun hau: bizi garen mundua guztiz interkonektatuta dago, eta gure ekoizpen eta kontsumo ekintzek ondorioak dituzte gure ingurunetik harago. Dena lotuta dago: arropa, elikadura, energia, klima aldaketa, osasuna, hezkuntza, pobrezia, aberastasuna, desberdinkeriak, eskubideak, aukerak, migrazioak...

Lotura horien beste erakusle bat Euskadiko lankidetza politika publikoak dira. Horiek zuzen-zuzenean konektatzen gaituzte urruneko lekuetako beste pertsona batzuek bizi duten errealitateekin, eta, gertutik abiatuta, munduan giza eskubideak babesten laguntzea ahalbidetzen digute. Urruti joan gabe, indarrean dagoen Lankidetzaren Euskal Legeak adierazten du Euskadiko instituzio publikoek beren aurrekontuaren % 0,7 bideratu behar dutela garapenerako lankidetzara. Hala ere, Euskadiko erakunde publiko nagusiak ez dira portzentaje horretara ailegatzen. Batzuk hurbilago edo urrunago daude, baina batek ere ez du betetzen. Gasteizko Udala salbuespena da, urte batzuetan portzentaje horretara ailegatu da, bai eta gainditu ere. Horrek adierazten du borondate politikoa izanda, posible dela helburua lortzea. Gainera, egiaztatu dezakegu Euskadiko lankidetza politiken portzentajeak geldialdian daudela, aurrekontuak proportzionalki beherako joera erakusten baitu urte askoz geroztik.

Egia da azken hamarkadetan gure instituzioak erreferentzia izan direla nazioarteko lankidetza politiketan, batetik, bideratutako kopuruengatik eta, bestetik, beren planteamendu zein ikuspegi berritzaile eta eraldatzaileengatik. Hala ere, deitoratu behar dugu egun, Euskadi urrun dagoela nazioarteko elkartasunean inbertitzeko duen benetako gaitasunetik; bien bitartean, Estatu mailan, goranzko joera orokor bat ikus dezakegu. Euskadik, aldiz, geldialdi egoera kezkagarri batean jarraitzen du. Gainera, begirada Europara zabaltzen badugu, 2020an barne produktu gordinaren arabera Euskadik nazioarteko lankidetzara bideratutako zenbatekoa (% 0,15) Europako batez bestekotik oso urrun dago (% 0,50), eta Nazio Batuen konpromisotik are urrunago (% 0,7).

XXI. mendean krisialdi ugari gertatzen ari dira bata bestearen jarraian, konplexuak eta elkarrekin lotuak. Larrialdi klimatikoak, aktibo dauden 57 gerrek, pandemiak eta krisialdi energetikoak kalte larriak eragiten dizkiete milioika pertsonari munduan. Gainera, lehen ekonomia, ingurumen, osasun edo hezkuntza arazo larriak zituzten eta muturreko egoerak bizi zituzten lekuetan okerragotzen ari dira bizi baldintzak. Hori dela eta, erakunde publikoek mundu bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko nazioarteko lankidetza bultzatzen duten legeak sustatu behar dituzte. Hain zuzen ere, gaur egun, Eusko Legebiltzarra Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Lege berri bat izapidetzen ari da, erronka globalei eraginkortasunez erantzuteko. Euskadik txirotutako herrialdeekiko duen konpromiso solidarioa indartuko du, baita hezkuntza ere herritar kritikoak, konprometituak eta eraldatzaileak sustatzeko, eta giza garapen iraunkorrarekin koherenteak diren euskal politika publikoak bultzatuko ditu. Halaber, aliantzak sustatuko ditu, eta koordinazioa eta finantzaketa hobetuko ditu. Baina zertarako lege berri bat, arriskua baldin badago indarrean dagoenarekin gertatu dena berriro errepikatzeko? Gogoratzen dugu horren aurrekontuari lotutako konpromisoak sistematikoki ez direla bete.

Garapenerako GKEok erakundeei eta alderdi politikoei gure eskua luzatzen jarraituko dugu, geldialdi joerari buelta emateko eta Euskadik garapenerako lankidetzan izan duen lidergoa berreskuratzeko. Baita giza eskubideak, bakea, ingurugiroa eta pertsona guztiek aukera berdinak izatea bermatzen dituzten politikak indartzeko ere, bereziki gaur egungo ezegonkortasun eta ziurgabetasun egoeran. Beraz, Euskaditik berriro esan ahal izango dugu gizakiari dagokion oro gure ardura dela, bai eta hurrengo belaunaldiei harro esan ere munduan ikusi nahi dugun aldaketaren parte izan garela.

Hain zuzen ere, 6 bereizketa gradu: elkarrengana hurbiltzeko hamaika arrazoi kanpainaren bidez, ezagutzera eman nahi dugu beste pertsona batzuekiko dugun bereizketa gradua, adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Hondurasko, Euskadiko edota munduko beste leku batzuetako lagunekiko. Halaber, Euskadiko lankidetza politika publikoen analisia egiten dugu, garapenerako GKEok mundua eraldatzeko ditugun proposamenak ezagutarazten ditugu, eta aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela erakundeen, lankidetzan dihardugun giza elkarteen eta herritarren inplikazioa. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundetik, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 83 GKE biltzen dituen sarea, Seisgrados.ongdeuskadi.org atarian sartzera gonbidatzen dizugu, ezagutu dezazun Dalila, Isa, Justine, Greta edo Helenarengandik zein hurbil zauden.