GARA
DONOSTIA
LAU ETA ERDIKOA

Bi txapeldunen arteko talka eta lehen finala zapaldu nahi dutenen ilusioa

Abadiñoko Matiena pilotalekuak, bigarren urtez jarraian, Master Cupeko Lau eta Erdiko finalerdiak jasoko ditu. Alde batetik, Zabaleta eta Garai lehiatuko dira, sekula kaiolako finalean aritu ez direnak. Beste aldean, Arrillaga eta Aldai lehiatuko dira.

Arrillaga eta Aldairen arteko besarkada, 2021eko finalean.
Arrillaga eta Aldairen arteko besarkada, 2021eko finalean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Seigarren edizioa du Emakume Master Cup-eko Lau eta Erdikoak. 2017an hasi eta, koronabirusaren urtean izan ezik, urtero jokatu da txapelketa. Amaia Aldai da txapel gehien eskuratu dituena, bi orotara, eta bere laugarren finala jokatzeko borrokatuko da gaur. Aurrean izango du Miriam Arrillaga, pilota mistoan, kaiolakoan, lehen txapela jantzi zuen pilotaria eta berriro ere, lesioak gaindituta, lehen lerrora iritsi dena.

Aldai eta Arrillagaren arteko finalerdia emozio handikoa izatea espero da, tartean egon daitekeelako arantza kentzeko asmoa aginagarraren aldetik. Iaz finaletik urrats batera geratu zen; hain zuzen ere, Aldaik utzi bazuen finaletik at. 2021ean, bere bigarren finalean ere Dimakoarekin topatu zen eta bizkaitarrak eraman zuen txapela, bere aurrenekoa, ordutik eratu duen dinastiaren hastapena. Izan ere, Amaia Aldai da, egun, kaiolakoan espezialistarik handiena.

Lau eta Erdikoan bi txapel irabazitakoa da, biak elkarren segidan. Iaz, Olatz Arrizabalaga hartu zuen mendean, lehia estu baten ostean (22-15), egungo bi pilotari onenen arteko lehia bizian. Irabazi ostean, barnean zuen presio guztia askatu zuela onartu zuen hedabide honi emandako elkarrizketan. Betidanik izan du Lau eta Erdiko txapelketa begiz jota, 2021ean bete zuen irabazteko ametsa eta, orain, historia egiten jarrai lezake, inork inoiz ez baititu hiru txapel elkarren segidan jantzi.

Oldarkorragoa da bizkaitarra, seguruagoa Aginagakoa. Bi estiloen arteko talka espero da 12.00etatik aurrera Abadiñon jokatuko den finalerdian. Gipuzkoarrak 2019an dastatutako une gozoa errepikatu nahi du eta, era horretan, iaz finaletik at utzi zuenari mendeku hartu ere bai.

FINALERDIETAKO BIDEA

Aldai zein Arrillaga final-laurdenetan sartu dira jokoan; multzoburu gisa eta pronostikoak beteta irabazi zuten beraien partida, Abadiñon leku bat egiteko. Dimoztarrak Galeano hartu zuen mendean (22-10) eta Aginagakoak, berriz, Mendizabal (22-12), ez sufritu barik. Izan ere, andoaindarra 11-3 aurreratu zen markagailuan, Arrillagaren harridurarako. Azkenean, 1-19ko partzial batekin, garaipena Arrillagarentzat izan zen.

Bide luzexeagoa egin behar izan dute beste finalerdia jokatuko duten pilotariek; Goiuri Zabaletak eta Leire Garaik, hain zuzen ere. Sari handia lortzetik urrats batera daude, inoiz ez baitira kaiolako finalera iritsi. Beraz, hauen arteko finalerdiak ere zeresana emango du, gakoa nerbioak kontrolatzea izango delarik.

Aurrelari gasteiztarra sasoi oso onean eta animoz gainezka helduko da Matienara, final- laurdenetan Olatz Arrizabalaga pilotari handiari nagusitasunez irabazi ostean -gernikarra iaz txapeldunorde izan zen eta aurten Binakakoa irabazi du Osesekin batera-. Aurreko kanporaketan ere, final-zortzirenetan, Garaik aise garaitu zuen Bergara, kanporaketa aurrekoan Beitiari (22-7) gailendu zitzaion pilotaria, hain zuzen ere.

Nolanahi ere, finalerdietara iristeko merituak bete-betean egin dituen pilotaria Goiuri Zabaleta da, bai eta pilotari gazteena ere. Kanporaketa aurrekoetatik dago bizirik, bidean Arraiza, Etxegarai eta Gaminde utzita. Azken partidan, Laukizko atzelaria kanpoan uzteko gogor borrokatu behar izan zuen 14 urteko pilotariak.

Iaz, Binakakoan, atzeko koadroetan bere potentziala erakutsi zuen Gaminde kanporatu zuen, ordubete pasatxo iraun zuen lehian. Lehen erdia ezin orekatuago joan zen, berdinketa ezin hautsita aritu ziren. Bigarren erdian, ordea, Zabaletak bost tantoko zuloa irekitzea lortu zuen, alde hori ongi kudeatzen asmatuz. Gazteena izanagatik ere, onenekin borrokatzeko prest dagoela berretsi zuen eta Abadiñon beste pauso bat eman nahi du.