Arnaitz GORRITI
EUROLIGA

Costello gabe jokatu beharko du Euroligako jardunaldi bikoitza Saski Baskoniak

Pibotak Joventuten aurka orkatila bihurritu zuenez, ezingo du jokatu gaur Fenerbahçeren aurka, ez eta ostiralean Izar Gorriaren aurka ere.

Matt Costello izan da orain arte Dusko Ivanovicen pibotik gogokoena.
Matt Costello izan da orain arte Dusko Ivanovicen pibotik gogokoena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaur gauean Fenerbahçeren aurka, 20.30etan, Matt Costello gabe jokatu beharko du Saski Baskoniak, asteon jokatu beharreko hiru neurketetatik aurrenekoa. «Klubaren informazioa gero jasoko duzue, baina jakizue Mattek -Costellok- ezingo duela jokatu», esan zuen Dusko Ivanovicek joan den igandean. Joventuten kantxan galtzea baino okerragoa izan zen pibot estatubatuarrak partidaren azken unean orkatila okertu izana.

Ivanovicek esan bezala, klubak berretsi zuen, eskuineko orkatilan «bihurritua» duelako, Costellok ezingo duela «hurrengo neurketetan jokatu». Hala, ez Fenerbahçe, ez Belgradeko Izar Gorria ostiralean, ez eta Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferen aurka ere ezingo da kantxaratu gasteiztarren pibot eraginkorrena.

«Ikusiko dugu nork jokatuko duen bere ordez. Taldeko beste hamabi jokalariak jokatzeko prest daude. Nire ardura da hamabi horietatik zeintzuk eta noiz kantxaratzea», adierazi zuen Ivanovicek.

Kotsar eta Khalifa Diop arras jokalari ezberdinak dira, Costellorekin alderatuta. Azken honek, uztaipean ez ezik, urrutiko jaurtiketari esker ere min eman dezake. Beste biak, aldiz, defentsan dira hobeak.

REAL MADRILEN BORREROA

Saski Baskoniaren aurkaria, Fenerbahçe, Euroligako sailkapen nagusian zortzigarren tokian dago, gasteiztarrekin berdinduta, 6-5 balantzea aldean.

Dimitris Itoudisek gidatzen duen taldeak ere barruko jokoan baja garrantzitsuak ditu, Motley eta Papagianis erraldoia ez baitaude jokatzeko moduan.

Nolanahi dela, pasatu den astean Real Madril luzapenean 100-99 gainditzeko gai izan ziren: madrildarrei aurten Europan irabaztea lortu duen lehenengo taldea, hain zuzen, Yam Madar eskolta israeldarrak sartutako hiruko bati esker. Garaipen hau eskuratu aurretik, lau partida jarraian galdu zituen talde turkiarrak.