Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Disonantzia kognitiboa

Leo, erratza hartu, eta hondakinen ontzien ingurua garbitzen hasi da. Egunero jaisten da etxe parean dituen kontenedoreetara, ea auzokideren batek baliagarri izan dakiokeen zerbait bota ote duen. Egunero begiratzen ditu ontziak eta egunero garbitzen du gero ingurua, zaborgunea izanda ere txukun ikusi nahi duelako.

Udaberria da Buenos Airesen, baina hotz pisutsu bat zabaldu dela entzun diot Leoren auzokidea den kazetari bati. Hotzikara antzekoa sentitu du hauteskundeen biharamunean Leo edukiontzien inguruan ikusi duenean. Ez zaio buruan sartzen hark Javier Mileiren alde bozkatu izana. Zeinen txarto behar duen denak, sikiera une batez ultraeskuineko mezuak barneratu eta hautatu berri duten presidenteak Leoren aldeko ezer eginen duela sinesteko. Baina ez du epaitu nahi, ez bere egoeratik; bera baita noizbehinka edukiontzietara gauzak botatzen dituen horietako bat.

Behin disonantzia kognitiboaz irakurritakoa gogoratu dut. Bata bestearen baztertzaile diren bi ideiarekin bizi behar dugunean sortzen da. Sarri, horietako baten kontzientzia eskasa izanda, ez gara errealitatearen oso jabe.

Agian hori gertatzen ari da, dela Argentinari so egitean, dela Gazako genozidioa ikusita, zenbait kazetari Israelen defentsarako eskubideaz aritzen direnean.