Xole ARAMENDI
DURANGO
DURANGOKO AZOKA 2023

Joxe Azurmendi, «gutxiago goretsi eta gehiago irakurtzeko» pentsalaria

Landako guneko areto nagusiak atzo eguerdian eskaini zuen irudia.
Landako guneko areto nagusiak atzo eguerdian eskaini zuen irudia. (Jon URBE | FOKU)

Joxe Azurmendik (Zegama, 1941) ondu berri duen “Europa bezain zaharra” liburuaren aurkezpena egin zuten atzo Azokan, mahai-inguru-solasaldi formatuan. Jakinek eman du argitara liburua eta bertako zuzendari Lorea Agirrek gidatu zuen ekitaldia.

Naziogintzara, bere lerro nagusira, bueltatu da azken liburuan. «Hegemonikoak diren nazioek euskaldunoi esaten digute gu garela nazionalistak eta horri kontra egiten dio; bere pentsamendu guztiak horixe egiten du», adierazi zuen Agirrek.

1956ko Belaunaldiko kidea da zegamar filosofoa. «Herrigintzan eta euskalgintzan iritsi garen unera iristeko naziogintzaren oinarriak jarri zituztenen belaunaldiko kidea da. 40 liburutik gora ditu argitaratuak, gai asko eta zabalen bueltan», nabarmendu zuen Jakineko zuzendariak.

Gazte zela hasi zituen Arantzazuko frantziskanoetan ikasketak. Gerora Alemanian eta Erroman Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. 1980ko hamarkadaren hasieran, ordena utzi ondoren, lanean hasi zen, EHUko irakasle. Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz eta sustatzailearen eta Mondragon kooperatiba mugimenduaren sortzailearen filosofiari buruzko doktorego tesia aurkeztu zuen 1984an. EHUko Filosofia Modernoaren katedraduna izan zen, 2011n erretiroa hartu zuen arte.

Era berean, lan filosofikoak euskaratzen ekarpena egin du du Klasikoak argitaletxean. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010ean, eta Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen 2012an.

Atzoko ekitaldian, hizlari, hiru filosofo gazte aritu ziren. Liburuaren edukiaren nondik norakoak laburbiltzearekin batera, Joxe Azurmendik bere pentsamenduaren bidez utzitako arrastoa eta XXI. mendean duen gaurkotasuna izan zuten hizpide Haritz Azurmendik, Alba Garmendiak eta Mikel Urdangarinek.

Hirurek aukeratu dute Azurmendi beraien tesiaren ardatz. Naziogintza landu du lehenak, utopia bigarrenak eta gizalegea hirugarrenak. Gazteek zegamar filosofoak utzitako lorratza erakargarria, interesekoa eta erabat aktualitatekoa ikusten duten seinale.

BIDE EMANKORRA

Sei hamarkadako bidea egina du Azurmendik eta hausnarketarako gakoak asmatzeko gaitasuna bere horretan du oraindik ere. Horren froga da azken argitalpena. Oharrak eta gogoetak. Azurmendik Europan zehar errepidez, pentsamenduz edo literaturaren bidez egindako bidaietan idatzitako testuak bildu ditu liburuan.

Pentsamenduaren eta literaturaren klasikoak eta modernoak, arkitekturarako zuen zaletasunaz zipriztinduta, besteak beste. Shakespeare, Okzitaniaren historia, Italiako errepublikak, Erdi Aro eta Errenazimentutik hasi eta Modernitatean zehar.

Europaren historia kulturala berrirakurtzeko gonbidapena da liburua, nazioa XIX. mendeko nazio estatuaren eredutik harago ulertu eta izan dituen erabilera zabalagoak aintzat hartuta. Naziogintzaz asko hausnartu eta idatzi du Azurmendik eta ia saihetsezina da horrekin lotzea. Baina mahai-inguruan parte hartu zuten gazteek haren pentsamendua askoz ugariagoa dela nabarmendu zuten. «Nazio ideiarekin lotzen da bera. Alde etnikotik ulertzen dugu eta kontzeptua konplexuagoa da. Diziplinartekoa da bere ikerketa. Mundu mailako puntako pentsalariekin elkarrizketan aritzen da eta, gainera, euskaraz», kontatu zuen Garmendiak.

«Nazioaren ideiari lotzen zaio, baina benetan humanista da. Arkitekturaz, literatura klasikoaz ezagutza handia du, baita gaur egungoaz ere. Gaitegi oso zabala topatuko du irakurleak liburuan», esan zuen Azurmendik.

«Nazioaren kontzeptua ulertzeak gizatasunaren ulerketa aurresuposatzen du. Gizakera ulertzeak, era berean, aurresuposatzen du nazioa ulertzea. Aberriaren oso irakurketa gaurkotua egin du», aipatu zuen Urdangarinek.

«Ondo dago bera gorestea, baina horren zergatia ez badakigu, seinale txarra da. Goretsi gutxiago eta irakurri gehiago», bota zuen Haritz Azurmendik. «Berari ilusio handiagoa egingo dio bere pentsamendua kritikatzeak», azpimarratu zuen.

AUSARDIA

Autorea oraindik ezagutzen ez duten gazteei bere obrara hurbiltzera ausartzeko deia egin die, «baduelako mami nahikoa». Horrekin batera, dagoeneko ezagutzen dutenei, eskaera bat: «Ez patrimonializatu, gurea ere bada eta. Eta, batez ere, gure ondorengoena».

Bat dator Urdangarin. «Gorestea anti-azurmendi da. ‘Ez nago ados’, esan zion behin batek. ‘Hala espero dut, nik bezala pentsatzeko nahikoa naiz ni’, bere erantzuna», gogoratu zuen.

Bere esanetan, «gaur egungo intelektualen ardura da Azurmendiren pentsamendua beraien diskurtsoetan txertatzea. 1956ko Belaunaldiko kideek pentsatu dituztenak oso baliagarriak dira eta, ez badira, esan zergatik. Horixe egin zuten beraiek ere. Ez da zilegi kultura gutxitu batean paso egitea, belaunaldi horrengana hurbiltzeko esfortzurik ez dugulako egin nahi. Pentsamendua deserrotua izango da, ondorioz», jarraitu zuen.

ZER IKASI DIOZUE?

Badakigu Azurmendiren pentsamenduak gaur egun balio duela. Baina galdera ondorengoa da: zertarako? Zer ikasi diozue? Hori jarri zuen mahai gainean Lorea Agirrek.

Haritz Azurmendiren esanetan, topikoen gainean eraikitzen dugu pentsamendua. «Joxe Azurmendiren helburua horiek suntsitu eta kontzeptuetan sakontzea da. Nazioa elementu jakinei loturik ulertzen dute. ‘Nazioa honek egiten du’, diote. Elementu horiek munduaren aurrean erakutsiz besteak aitor zaitzan bilatzen dute. Bestela ukatu egiten dute, eta ondorioztatu naziotasunak ez duela balio. Bere obrak orokorrean tresnak eskaintzen ditu irakurketa sinpleaz harago naziogintzaren fenomenoak tentu handiagoz aztertu ahal izateko».

BEGIRADA BERRIA

Azurmendirengandik beste ikuskera bat ikasi du. «Arreta, ez elementuei, baizik praktikei jartzen. 60ko hamarkadan ‘zergatik eta zertarako izan euskaldun?’ galdera egin zuen. Jaiotzari edo ekintzari lotua dago? Gako interesgarria dago hor. Naziotasunarekiko beste begirada ireki zidan niri. Badugu botererik nazio bagina bezala jokatzeko? Kultura eta hizkuntza ez dira pintzeladak soilik, mihise osoa dira naziotasunean».

«Nazioek ez dutela zentzurik entzuten dugu. Baina nazio hegemonikoek oso erraz erreproduzitzen dituzte beraien narratibak. Era honetako gogoetak hartu dizkiot. ‘Honen aurrean zer’, esan dezake norbaitek. ‘Orain zuri tokatzen zaizu’ da Joxeren erantzuna», jarraitu zuen.

Utopien ikerketatik dator Alba Garmendia. «Gazi-gozoa da. Joxe irakurtzeko atsegina da, aberasgarria, baina gaurko garaiekin bat ez datorren buru egoera eskatzen du. Halere, bidea egiten dugunean gauza asko ulertzen dugu eta merezi du esfortzua. Testua ulertzen dugunean ikusten dugu mundua kritikoki ulertzen laguntzen duela». Etengabe kontsultatzeko egilea da berarentzat: «Ez da apalategian geratzen den pentsamendua».

Are gehiago, «hizkuntza, kultura eta erreferentziak partekatzeak, instituzioek... horrek denak nazioa egiten du. Gizarte desiragarria nazioa dela esaten da. Eta utopiak ez duela nazioarekin zerikusirik. Hain justu Azurmendi irakurrita jabetzen zara ez dagoela utopia unibertsalik partikularrik gabe».

Utopiaren mundua lurtarragoa egin zaio bera irakurri ondoren. «Utopia ez da gizarte idiliko neutrala, eta ez dago hain urruti naziogintzatik. Estatuak legitimatzen duenak neutroa dirudi eta aldaketa nahi duenak darama marka, baina munduaren ordena irauli nahi dutenak biak dira, bai utopiak eta baita nazionalistak ere. Azurmendik ustezko teoria neutroaren atzean dagoena ikusarazi dit. Ideologia eta historia, teoria bezain garrantzitsuak dira», gaineratu zuen. «‘Giza aberetxo’ kontzeptua zentrala da Azurmendiren obran. Umiltasunerako deia da. Ez gara giza jainko zeruaren seme-alabak. Gorputza gara eta arima. Eta ez dago buruaren eta gorputzaren arteko banaketarik. Abere gorputza dugu. Ez Kainen gorputz hiltzailea, Abelen gorputz hauskorra baizik. Ez ote dago zaurgarritasunaren inguruko gogoetari lotuta? Ez gara zeruko seme edo alabak. Natura gara, naturalak. Beste animaliekin badago lotura naturala. Nola uztartu ekodependentzien gogoetekin? Abere hutsak gara eta, natura hutsa garen heinean, natura bete behar dugu, natura kulturala dugu, ingurune sozialaren baitan konstituitzen da. Abere ahula gara. Lagunkoiak gara, lagunen beharra dugu. Jule Goikoetxearen interdependentziaren kontzeptuarekin elkarrizketarako bidea irekita dago», amaitu zuen Urdangarinek.